Onintza Enbeita.
BIRA

Ametsak

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Handien munduan ikusten dutenaren arabera eraikitzen dituzte umeek beren ametsak. Nik bertsolaria izatearekin amets egiten nuen umetan: aitita Balendinek bezala, Bizkaiko txapela irabaztearekin. Gure auzoko mutil batek jan eta lo baino ez zuen egin nahi handia zenean. Baserritarra izan nahi zuen bat ere bagenuen taldean; alergiak itotzen zuenean ere, animalien ondotik ezin urrundu. Modeloa izan nahi izan zuen neska bat bazen, eta ingeleseko partikularrean kokoteraino, munduko hizkuntza guztiak jakitearekin amets egiten zuen beste bat ere bai.

Modu batera edo bestera denok ahalegintzen gara gure ametsak betetzen. Bakoitzak berea. Baina badira guztionak izatera irits daitezkeenak ere. Begira, bestela, Gure Zirkua. Iker Galartzak zirku bat izatearekin amets egiten zuen umea zenean, eta bada urtebete, egia bihurtu zuela. Ez da, ordea, berea bakarrik. Gure Zirkua ez da osorik Poxpolorena; ezta Don Martinena ere. Musikariek ere zati txiki bana baino ez dute, akrobatek bezala. Gure zirkua Galartzak eraiki du bere eskuez, baina gu guztiona ere bada. Euskaraz sentitzen dugun guztiona. Euskaraz bizi eta sentitzearren konplexurik ez daukagunona. Izango du zer hobetua, baina guztia eurotan neurtzen den garai honetan, preziorik ez daukan proiektua da. Zorionak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.