Onintza Enbeita
BIRA

Atxiloketak

2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu», «La Guardia Civil ha detenido...» irakurri duzu sarean, eta zure eguna ilundu da. Badakizu, edo pentsatu nahi duzu, ez dela luzerako izango, esan dizute atxiloketak ez daukala egun bat baino gehiago irauteko itxurarik, arnasa pixka bat luzatzen dizu atxiloketa egun argiz izateak, baina Guardia Zibila da. Eta badakizu, ondoan ikusi duzu, nola gelditu den jendea haien eskuetan egun batzuk pasatu ondoren. Eta orain esaten dizute beste garai batean bizi garela, baina zure barruan iraganeko mamuak bizi dira. Zure barruan inork aitortu nahi izan ez dizun min handia dago: elektrodoen markak ezkutatu dizkizuten lagunak, begirada galdutakoak, bortxaketak, umiliazioak, terapiak konpondu ez dituen tikak... Zuretzat hori guztia eta askoz ere gauza beltzagoak da Guardia Zibila.

Jendeak esaten dizu lasai egoteko, orain ez dela lehengo modukorik gertatuko. Eta bai, zuk ere lasai egon nahi duzu, baina amorrua ematen dizuna da oraindik ere halako gauzak gertatzea. Ez baita bakarrik mina berritzen dizutela, kontua da ez dagoela zertan halakoak jasaten jarraitu, inoiz ez dela egon inoren etxeko atea botatzeko eskubiderik eta orain ere ez. Eta era berean, kontsolazio larria da entzutea halakoak gertatzen direla ondo ari garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.