Onintza Enbeita.
BIRA

Tabernak

2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Egia zen eta egia da: tabernetan gauza handiak gertatzen dira. Eta bai, lurra baino zentimetro bat gorago oinez egin nahi genuenok ere, faltan bota dugu ukalondoa barran jartzea. Ez, oraindik ez gara horretara heldu, baina antzerako zerbait egin ahal izan dugu. Tabernetan eserita egon beharko genuela esan zutenean ez zitzaidan poteorako gogorik piztu. Ez gaude horretara ohituta: guri gustatu egiten zaigu, tabernara sartu, korroa bildu, tragoa edan eta hurrengo tabernara joatea. Bihotz erreak eraso egiten dizun egunetan kopan dagoena amaitu gabe joango zara hurrengo tabernara, baina ardura duena ez da hori: garrantzitsua taldean egotea da.

Atzo, hiru hilabete eta gero, aita Gernikara etorri zen. Azokako trasteak bildu eta tabernara joateko gonbita egin nion. Haren lagunekin elkartu ginen, eta bigarren tragorako beste galaxia batean nengoen. Norbaitek, nahi gabe bezala, esan zuen Zaldibarreko zabortegira jausi den hondakin kaparik handiena, amiantoa bera baino lodiagoa, COVID-19a izan dela. Eta orduan konturatu nintzen zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste tabernak: filosofoz beteta daude. Unibertsitateak, eruditoek, komunikabideek, zenbait politikariketa beste askok kontuan hartzen ez duten jendea tabernan biltzen da. Eta jendeak badaki munduan zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.