Onintza Enbeita.
BIRA

Lezioa

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Miribillatik atera nintzenerako, Ainhoa kanpoan neukan zain, telefonoa eskuan: «Aintzane da. Galizian dago. Dio ea egia den zuk irabazi duzula!». Batek daki zer bolumenetan eta zenbat malkorekin esango nizun baietz, egia zela, txapela eta makila aldean nituela. Hori baino sei hilabete lehenago, Bakaikun izan ginen, eta entzun nahi ez genuena jakin genuen: gaixotasuna bere bidea egiten ari zitzaizun erraietan, erremediorik gabe. Eta, hala ere, nola egiten zenuen barre, zer energiarekin kontatzen zenigun bizitza!

Bakaikutik hona ikusi zintudan aldiro pentsatzen nuen agian azken aldia izango zela. Baina gero beti ikusten zintudan berriro, eta ahaztu egiten zitzaidan. Lezio ederra eman didazu denbora honetan: egun bakoitzaren garrantzia, momentuaren ederra, muxu baten gozoa, azkenaren zain eskuak gurutzatuta ez egoteak ematen duen lasaitasuna. Kosta egingo zaigu zu gabeko bertso saioak ontzea, zure lagunen ondoan aulki hutsik ez ikustea.

Bakaikun esan nizun eta gaur errepikatu egingo dut mundu guztiak jakin dezan: plazera izan da! Eta ez bakarrik behin zuk oparitutako dado erotikoekin ligatu nuelako: plazer bat izan da irribarre egin didazun aldi bakoitza, telefonoaren beste aldean zure poza imajinatzea, zure ondoan dantzan egitea, edatea, jatea eta bizitzea. Dena. Zu. Plazera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.