Duela hamabost urteko Onintza banintz, iragan asteburuan, agian, Lesakan nengokeen. Duela hamar urtetik honantzako Onintza izaten jarraitzen badut, ordea, Iruñean egongo nintzateke gaur, adibidez. Pentsatzen jardun dut zer ondo nengokeen orain marianito eder bat eskuan, zer ondo egon nintzen gaur bezalako egun batez Iruñeko zokondo ilunetatik etxera joan ezinda, zenbat barre egin genuen behinola Lesakan... Irribarrea eragiten dit halakoak konpainiarik onenean bizi izanak, eta, aldi berean, pena ematen dit, oraintxe bertan, horrela ez egoteak. Eta horrek, batzuetan, orain eta hemen bizitzea galarazten dit. Ze nork daki San Ferminen adinako aukerak non eta nola emango dizkidan bizitzak! Lehen egindakoari begiratzeko joera horrek esku artean dugunari erreparatzea galarazten digu askotan, eta, gauden lekuan egon beharrean, nahi genukeen lekuan zer dagoen pentsatzen galtzen dugu denbora. Zoriona, edo hala deitzen diogun zera hori, ordea, hemen eta orain egoten da. Gainera, zintzoa banintz, neure buruari onartuko nioke agian COVID-19a ez den beste arrazoiren batek galaraziko lidakeela Iruñeara joatea.
Uda honek aukera emango dit gaur eta orain dauden gauzei balioa emateko. Neure buruaren kontra egin beharko dut nostalgiaren kontra egiteko, baina egin dezadan.

BIRA
Nostalgiaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu