Onintza Enbeita
BIRA

Indarkeria

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Emakume lodia naiz. Mila aldiz esan didate aurpegi polita dudala, baina pena dela halako aurpegi polita halako gorputz koipetsuan egotea. Mila aldi horietan pentsatu dut erakusleihoak apurtzea eta barruan dauden manikiei sua ematea, baina oraingoz ez dut halakorik egin. Emakume feminista naiz. Askotan iradoki didate ez dagoen lekuan ere indarkeria ikusten dudala. Inoiz pentsatu dut koaderno batean idaztea egunero gertatzen zaidan guztia, baina denbora gehiegi eskainiko nioke ulertu nahi ez duenari. Emakume abertzalea naiz. Askotan entzun dut abertzalea izateko irekia naizela. Badirudi abertzaleok kobetan bizi garela, eta trokelarekin egiten gaituztela guztiok berdin. Saiatu naiz azaltzen haiek direla gure bizitza ardi txakurren lehiaketetara mugatu nahi dutenak, baina zertarako? Emakume langilea naiz. Nire lanaren zati bat sormenari lotuta dago, baina gutxiespenaren gutxiespenaz, sarri jarri dut zalantzan soldatarik merezi ote dudan ere. Emakume euskalduna naiz. Kokoteraino nago atzeko zenbakia esateko darabildan hizkuntzaren arabera, San Miguel edo Coca Cola edo Kas ulertzen ez dutenekin enpatizatzeaz.

Batzuetan pentsatzen dut indarkeria forma asko normalizatu egin ditudala. Ez ditudala sentitzen. Ez dezadan baina neure burua engaina: hor jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.