Albistea entzun

BIRA

Bisoia

Onintza Enbeita -

2023ko ekainak 7

Aire egokitu eta berogailudun autoetan egiten ditugu etxetik kalerako eta handik etxerako bideak. Ez dugu leihatilarik ia zabaltzen, eta gure ondoan, oso ondoan bizi diren izakiei bizkarra emanda bizi gara. Gure etxe azpiko errekan bisoi europarra bizi da oraindik. Gerra irekia omen dauka amerikarrarekin, baina, zorionez, irautea lortu du. Maiatzean ugaltzen da antza, baina guk jakin ez. Geurean itsututa, udalari oinezko bidea eskatu genion herrigunera oinez joan ahal izateko bizitza arriskatu gabe, eta obrak hasteko baimena dagoela esan digutenean, bisoiaren bizitza arriskuan jar dezakegula esan digute. Ez dugu haren ezaugarririk ez bizilekurik ez ezer jakin: ez dugu sekula interesik jarri. Udalak oinezkoen bidea eraikitzeko lanak atzeratu egin ditu uda ostera arte, eta ezagutzen ez dudan bizilagunarengatik asko poztu naiz.

Ukitzen dugun guztia kakazteko joera dugu; baita autoa etxean uzteko azpiegiturak eraikitzen ari garenean ere. Bisoiaren ipuina ondo amaitu da oraingoz, baina pentsatzen hasi naiz, Okaren ertzak turistaz betetzen dituztenean, ea nola babestuko ditugun bertako flora eta fauna. Kataluniako autokarabanentzako aparkaleku batean ezagutu nituen basurdeekin gogoratu naiz: turistek emandako hondakinekin bizi ziren. Tristura sartzen zait pentsatuta bakarrik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...