andoni egana
HITZ ETZANAK

Zarata

2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Zarata da, abertzaleentzat Jesus Egiguren den antzeko zerbait: okerren ikusien artean ondoen ikusia. Zaratak ez du, esaterako, keak edo zaborrak duten makur osperik. Baina gero eta ozenago entzuten dira zaratak elkarbizitzarako sortzen dituen gorabeheren inguruko berriak.

Auzokoa egokituko zitzaion norbaiti zarata sortzaile izugarria, musika oso altu jartzen duelako edo taladroa erabiltzea gurutzegramak egitea baino gehiago gustatzen zaiolako; etxe-atarian taberna jarriko zioten beste norbaiti, eta kalera irteten diren erretzaileen marmarra sartuko zaio leihotik; herri-lanak tokatuko zitzaizkion beste norbaiti etxe-atarian eta pi-pi-pi entzuten duenero ez du jakingo iratzargailua ari zaion edo atzerantz doan garraio-tresnaren bat den...

Zaratak ez dirudi, gainera, erregulazio errazekoa. Ika-mika ugari sortzen du azkenaldian. Beste herritar batzuekin batera, Donostiako komentu bateko mojek hiriko Metroa egiteko burutzen ari diren zulatze-lanak direla eta sortzen den zarata eramaterik ez dagoela eta burutu duten sinadura bilketa izan da albiste azken egunotan. Ez dakigu Metro hori entzutetsua izatera helduko den noizbait, baina dagoeneko bada, behintzat, zaratatsu. Zerurako bidea isila da; infernurakoa, antza, ez hainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.