andoni egana
HITZ ETZANAK

Karramarroa

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Astelehen goizez ari naiz. Umearora itzultzeko gogoa sentitu dut. Umetan, ikastolan jai egiten genuen abenduaren 3an Xabierko Frantziskoren omenez... Eusko Ikaskuntzari otu omen zitzaion santu nafarra eta euskara uztartzea, Xabierkoak bere ama-hizkuntza oso aintzat izaten baitzuen urrutietan zebilenean, eta hizkuntzekiko sentibera, nora joan han bertako mintzaira ikasten ahalegintzen baitzen. Heriotza orduan ere euskaraz mintzatu zen, edo inguruan zituenek ulertzen ez zuten hizkuntza batean behintzat.

Ez nekiena karramarroarena zen. Han omen zebilen Indiatik Malaysiara eta handik Moluka irletara hala moduzko itsasontzi batean —turismoaren zaindari ere badela jakin berri dut— eta denborale batek harrapatu omen zuen Frantzisko gurea. Herioan, soka bati lotu eta gurutzea jaurti omen zuen itsasora urak bare zitezen. Bai baretu ere. Eta hondartzara heltzean ikusi omen zuen karramarro bat zetorkiola bizkarrean gurutzea zuela beregana...

Karramarroak ez omen dira atzeraka ibiltzen. Funtsik gabeko mitoa da hori nonbait. Saiheska-saiheska egiten omen dute aurrera. Euskaraldia amaitzera doan honetan, ea balio izan duen ez atzeraka eta ez saiheska, aurrerantz eta pauso irmoz egin dezagun bidea. Gurutzearen pisurik gabe, ahal dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.