andoni egana
HITZ ETZANAK

Bigarren

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

«Honetan ere nire atzetik egin beharko duzu» esan omen zion Anquetilek hil zorian zegoela bisitara joan zitzaion Poulidorri. Erlojupeko luzea eta malkartsua da bizitza, eta alde handia atera dio. Hogeita hamabi urte.

Herenegun zendu zen Raymond Poulidor. Bazen norbait. Laborarien seme, umetan idiekin goldeketan aritua, ez zen txirrindulari profesional izan 25 urte bete arte. Baina astia eman zion kontzeptu oso baten paradigma bihurtzeko. Azken berrogei urtean, edozertan dela ere, betibigarrenari, beti ia-ia dabilenari, Poulidor deitzen zaio. Ia berrehun karrera irabazi zituen. Baina Frantziako Tourrean hiru aldiz bigarren eta bost aldiz hirugarren izan arren ez baitzuen sekula garaipenik lortu, ospe hori geratu zitzaion. Halere, bainoago horregatik, maite zuen herriak betibigarrena. Poupou izengoitia jarri zioten lehenik; gero, poupoularité hitza sortu zuten... Bizitza erdia Anquetilen gurpilean eta beste erdia Merckxenean egin zuela bota zion adarjotzaileari nekazarien tenpleaz erantzuten zekien: «Edozeinek ez dezake».

Anquetil irabazle eta harroa umil hurbildu omen zitzaion behin eskaera egitera. Ea bisera bat sinatuko zion mesedez alabatxoarentzat. Azalpenak badu bere mamia: «Poupou esaten lehenago ikasi du papá esaten baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.