andoni egana
HITZ ETZANAK

Puntta

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Futbolari bikaina izan zen George Best. Belfastekoa gazterik hil zen, zelaietatik kanpo izandako jarreren ondorioz aski zeresan eman ostean. Esaldi gordin asko utzi zigun, aho bizarrik gabe mintzatzeko ohitura zuen eta: «Gure etxetik nahikoa hurbil zegoen itsasoa. Baina batetik besterako bidean taberna bat zegoen. Ez nintzen inoiz bainatzera iritsi». Horrela azaldu zuen hainbeste diru izan, eta urte gutxiren buruan batere gabe geratu izana: «Diru asko xahutu dut autoetan, emakumeetan eta alkoholetan. Gainerako guztia, soil-soil esanda, alferrik galdu egin dut».

Ez dakit zergatik etorri zaidan gogora gaur goizean George Best. Akaso, dirua-sexua egiten zuen loturarengatik eta nire burmuinean badabilelako ideia mailara iristen ez den okurrentzia printza bat, biak lotzen dituena. Bada esaldi bat zabar-uneetan entzun ohi dena: «Zakilaren tamainak ez du axola. Puntta da inportantea. Gainerako guztiak bultzatzeko bakarrik balio du». Sexua ekonomiara ekarrita, esaldi horren senide bikia osa genezake: «Diru kopuruak ez du axola. Hileroko lehen mila eta berrehun euroak dira garrantzitsuak. Gainerako guztiak bultzateko bakarrik balio du».

Pandemia garaiotan, hori ikasi ez duenak ez du asko ikasi. Hori bai: puntta hori guzti-guztiok ziurtatua behar genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.