andoni egana
HITZ ETZANAK

Zenbat

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Umetan kezkatzen gintuen kontua izaten zen. Zenbat irauten du mezak? Aspertu egiten ginen nonbait eta bagenekien ze apaizek ematen zuen laburragoa eta ze apaizek luzeagoa; bagenekien meza ze elizatan luzatzen zen eta ze elizatan bukatzen zen aitaren batean. Izan ordubete pasa edo izan ordu erdi eskas, ez zen huskeria jolaserako amorratzen zegoen haurrarentzat.

Era bateko edo besteko ekitaldien iraupenak duen garrantziaz ez gara jabetzen. Esaterako, zergatik futbol partida baten iraupena 90 minutukoa da eta ez hirurogei edo ehunekoa? XIX. mendetik datorren araua da, eta ordutik hona gertatu dira Errusiako Iraultza, bi mundu gerra, Kubako iraultza, Vietnamgo gerra, telebistaren iritsiera… eta munduan aldatu ez den gauza bakarretakoa futbol partiden iraupena da.

Beethoven jaio zela 250 urte direla eta, oso aipagai izan da musikaria aurten. Iraupen kontu batekin ere badu zerikusi zuzena. Laurogeiko hamarraldian, musika grabatzeko CD sistema berria garatzen hasi zirenean, diskoak diametro jakin bat eta ordubeteko iraupena izatekoa zuen. Egitasmoaren burua oso musika klasiko zalea zen, ordea. Eta Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniak irauten duena bilakatu zuen CDen neurri: 74 minutu. Kantu on asko zor diogu Beethoveni hil ondoren ere…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.