andoni egana
HITZ ETZANAK

Adina

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Zahartzaroak beldurra ematen du; inoiz ez da bakarrik etortzen» esaldia utzi zigun Platonek. Zizeronek umore hobez hartu zuen kontua eta Pernandoren egia bat bota: «Luzaroan zahar izan nahi baduzu, gaztetatik hasi zahartzen». Rouchefoucauldek erantzun zion mende batzuen tartearekin: «Zaharrek aholku onak ematen dituzte, etsenplu txarrak emateko gai ez direlako jada». Eta Pablo Picassok oso bere erara eman zuen epaia: «Gazte izaten hirurogei urterekin hasten da pertsona...».

Atzo berripaper honek erreportaje bat zekarren, Arantxa Iraolarena, zahar etxeetako langileen mobilizazio eta protestak abiapuntu zituena. Hainbat konturen artean, daramaten lan erritmo handia aipatzen zuten eragozpen gisara zentro horietako langileek. Jendea lanerako ezinduta geratzen omen da erretiroa heldu baino lehen. Egoitzaren batean inor ez omen da erretirora iritsi. 50etik 60 urtera bitarteko adin tarte hori omen da kritikoa. Lanerako ezintasuna, gaixo agiri bat bestearekin katigatzea...

Filosofo, intelektual eta artistek zahartzaroari buruzko nahi hainbat esaldi distiratsu utzi digute mendeetan zehar. Mundua aldatu egin da, eta hemendik urte batzuetara zaharren zaintzak dakarren zahartzeari buruzkoak izango dira esaldirik gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.