andoni egana
HITZ ETZANAK

Ahots betea

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ahots fisikoak erakarri gintuen lehenik. Gu baino hogei urte zaharragoentzat Lourdes Iriondorena izan zen «ahotsa». Gu, gaztaroan, Amaia Zubiriarena entzunez bizi izan ginen.

Ahotsak badu ordea esanahi zabalagorik ere. Ahotsa da zeuretik esateko daukazuna. Ahotsa da norbere mundu ikuskera azaltzeko gaitasuna. Eta zenbat eta mundu ikuskera propioagoa izan, orduan eta ahotsago da bakoitzarena. Ahots bete-bete batekin egingo zuen topo joan den igandean, egunkari honetan, Andoni Imazek Amaia Zubiriari egindako elkarrizketa irakurri zuenak. Ahots bat miretsiz hazi ginen eta bestea (ere) miresten diogu orain. Pertsona berarenak izatea biak...

Sakonera handiko kontuez mintzo zen Amaia Zubiria, azukrerik gabe goxo gehienetan,ozpinik gabe mingots tarteka. Amaierakoak eragin zidan zirrararik handiena. Angucianan bizi da orain, Errioxan. Ez omen zen bere gustuz joan hara. Bere burua «erbeste ekonomikoan» kokatu izan du. Berrogeita hamar etxe baino gehiago pasatu omen ditu, horrek esan nahi duenarekin. Eman behar liguke zer pentsatua herritarroi eta kultur-agintariei. Guk, bertsolariok, badiogu zor bat Amaiari. Hiru puntuko doinu gutxi dakizkigu. Eta ia beti bere doinu bat erabiltzen dugu hiru puntuko bertsoak osatzeko. «Amaia Zubiriarena» deitzen diogu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.