Onintza Enbeita.
BIRA

Lapsusa

2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Mitin baten erdian trabatu da politikari bat, eta mundu guztia barrez hasi da. Ez han bere aurrean, baina bai sare sozialetan eta Whatsappeko taldeetan. Ez dakit bideo bat zenbat aldiz ikusi behar den tendentzia izateko, baina hau izan daiteke. Edozelan ere, eztabaida piztu da ea barre egitekoa den edo ez lapsus hori. Ez daukat hain garbi.

Momentu batez iruditu zait hauteskunde kanpaina bera lapsus bat dela. Hau da, guk botoa ematen diegun alderdiek ahaztu egin dute munduan zer gertatzen den, eta hor ari zaizkigu hamabost egunez haiei botoa emateko konbentzitu nahian. Bitartean Debako trena leporaino beteta itzuli da iluntzeko azken orduan, Abiadura Handiko Trenaren obrek aurrera jarraitu dute, ERTEetan egon diren langile zenbait kalera bota dituzte eta jendeak Castron edo Laredon ura epel dagoela esan digu.

Eta lapsusaren erdian, Zaldibarren beste zabortegi bat egingo dutela esan digute. Nire larriduran ondo ulertu badut, beharrezkoa izango da zabortegi berria zaharreko hondakinak botatzeko. Norbaiti ahaztu egin zaio oraindik ere langile bi daudela han, zaborpean. Ez dakit, ordea, lapsusa izan den. Baina beti irabazi duenak ez du lotsarik behar hauteskunde kanpainaren erdian halakoak iragartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.