Uber Eatsek Italian duen janaria etxera bidaltzeko zerbitzua utziko du. Izan ere, ez du lortu finantza-jasangarritasunik aurkitzea. Benetan gertatu dena izan da mila banatzailek baino gehiagok salaketa bat jarri dutela, enpresak esplotatzen zituelako. Enpresa horiek asmakuntza teknologiko iraultzaile bat bezala saltzen dute beren burua, baina berriro ere agerian gelditzen da langileen baldintzak prekarizatzea eta arauetako zirrikituak baliatzea dela beren benetako negozioa.
Uber Eats 2016. urtean hasi zen lanean Italian: Milanen lur hartu zuen, eta 60 hiritan baino gehiagotan zabaldu zen. Baina ez du lortu beste operadore batzuen aurrean kokatzea, hala nola, Just Eat edo Glovo. Merkatutik ateratzeak 50 langileri eragingo dio soilik; nola da posible? Bada, 7.000 banatzaileren langile izaera bera ere ukatua zuelako.
Era horretako zerbitzuek eragin zuzena dute gure bizitzetan, izan banaketa zerbitzuan —Glovo, Deliveroo, Uber Eats...—, garraioan (Uber) edo etxebizitzan (AirBnB)... batzuk aipatzearren. Aurre egiteko bideak badaude eta izan arlo publikotik, komunitariotik edo lan antolaketatik eragiteko aukera dago.
Publikotik behar horiek asetuko dituzten zerbitzuak eskaini daitezke, baina hortara iritsi gabe, erregulazio, araudi eta mugak jartzea ere horien lana da; alternatiba demokratiko, jasangarriago eta lokalagoak sustatzearekin batera.
Arlo komunitarioari edo herritar antolatuei sindikatu sozialak eraikitzea edo salaketarako tresna izatea dagokie. Auzo elkarteek, sindikatu sozialek edota erabiltzaile taldeek presio handia egin dezakete. Berdin, alternatibak diren zerbitzuak sortzen lagundu eta horiek sostengatzeko.
Lan antolaketatik, lanari lotutako sindikatuek langileen eskubideak defendatzeko indarra egin dezakete, baina baita langileak antolatzen lagundu eta kooperatibak edo elkarteak sortzen lagundu ere. Horren adibide gertukoena CCEH Coopcycle Euskal Herria, rider kooperatiben federazioa dugu.
Horrela jaio dira leku askotan tokian tokiko rider sindikatu, kooperatiba eta uberizazioaren aurkako plataformak. Hiru esparruek batera eragiten dutenean, erresistentzian baino, beste ekonomia bat eraikitzeko bidean kokatzen gara. Eta horrek ez du kasu honetarako soilik balio.

IRLEN SAREA
Italiak Uber Eats jan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu