Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Rapa bere gordintasunean

2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Bada nerabezaroan musika estilo jakin bat besarkatu, eta behin ere askatzen ez duenik. Oi! musika, punka, indiea, reggaea, popa. Bakoitzak bere kode, janzkera eta jarrerak ordezkatzen ditu. Baina denok ez dugu gure maskara partikularra musikarekin sintonian osatu. Entzule errariaren rolean bizi gara, turismo musikala eginez komunitate trinkoagoetan, nahieran, boladaka. Joeren kontrako joerei jarraituz, edo zuzenean, modako doinuei segika. Trabesia horretan zapaldu dituen lurren artean, rapak apenas duen tokirik. Musika urbanoak mainstream-aren lekua hartu duenean ere, ez dago errotuegi Euskal Herriko jaialdirik eta kontzerturik jendetsuenen programazioetan.

Ez da, ordea, Euskal Herrian rapa egiten ez delako, foko eta titularretik kanpo, asko ari dira haien kezkak kanta bihurtzen. Mundu mailan nagusitzen ari diren estiloetara hurbilduz —trapa, drilla...— baina gertu-gertuko gatazkei hitzak jarrita. Eta Kanalduderi esker, ezagutzeko ez da, derrigor, giro eta eremu jakin horiek etxe ondoan izan beharrik. Hesteka hilabeteroko saioak eszena horretan ari diren rap kantariak batzen ditu, eta kantuan jarri. Josu Guillenek —Harri Salda-n ere aritzen da— aurkezten du, eta platoa aldatu egiten da aldiro: rapari oholtzak eskaintzen dizkioten gaztetxeak dira saioaren topaleku. Dagoneko Gasteiz, Azpeitia eta Baiona zapaldu dituzte, han-hemengo artistak elkartuz: Odei, Arrano Pertxa, Petri... Izen ezagunak batzuk, baina baita bidea hasi berri duten beste batzuk ere. Ez du korrontearen olatura igotzeko aurpegi ezagunik bilatzen. Undergroundean, gaztetxeetan edo sarearen ertzetan dauden rap kantariak ekartzen dituzte pantailaren lehen lerrora, ikusgarritasun handiagoa emateko.

Saioaren proposamen estetikoak ere merezi du aipamena. Argi koloretsuekin jokatuz, eta rap kantariekin batera mugitzen den lehen planoko kamerari esker, bideoklipetan ohikoa den estilora hurbiltzeko gai izan dira. Telebista saioen ohiko planteamendua irauli eta edukiak eskatzen duen gordintasuna ematen asmatu dute, bete-betean asmatu ere. Bainaren bat jartzekotan, rapean ari diren emakumeei lekua egitea da saioak oraindik betetzeko duen erronka. Baina zintzoa izateko: raparena bezain maskulinizatuak dira gutxiago kuestionatzen ditugun beste makina bat genero ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.