Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Erresistentzia

2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko astean albiste oso txarra iritsi zen AEBetatik. Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala indargabetu zuen. Horrek hainbat estatutan abortua debekatzeko aukera eman du. The Handmaid's Tale telesail distopikoaz gogoratu gara asko, albistea irakurtzean. Errealitateak fikzioa gainditu du, eta mundu distopiko batean bizi garela dirudi. Emakumeen eskubideak une batetik bestera ezabatu dira, eta etorkizunari baikortasunez begiratzea zaila egiten da.

Gure oraina ulertzeko, iraganari begiratu behar diogu. Ariketa hori egiteko The Janes dokumentala (HBO Max) ekarri nahi dut. Lanak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Chicagoko egoera zein zen erakusten du. Garai hartan, abortatzea legez kanpokoa zen, eta emakume guztiek klandestinitatean egiten zuten. Emakume askok mafiak antolatutako tokietan abortatzen zuten, baina beste askok The Janes taldeari deitzen zioten. Emakumez osaturiko taldea zen, nahiz eta batzuen senarrek ere lagundu egiten zuten. Abortua eskuragarri egiteko ia bide guztiak jartzen zituzten. Emakume dirudunei gehiago ordainarazten zieten, eta diru gutxi zuten emakumeek askotan ez zuten ordaintzen. Emakume horiek beste mugimendu sozialetatik zetozen, baina abortatzeko eskubidearen falta oinarrizkoa zela konturatu ziren, eta horregatik sare hori osatu zuten.

AEBetan New Yorkeko estatua izan zen lehena abortua legeztatzen. Roe v. Wade auzia baino lehenago iritsi zen eskubidea estatu horretara, eta emakume askok legezko abortu bat izateko harako bidaia egiten zuten. 1970eko hamarkadako egoera hark Eliza Hittmanen Never, rarely, sometimes, always filma gogorarazi dit. Bertan, Pennsylvaniako gazte batek bere estatutik atera behar du, abortatzeko. Bere estatuan abortatzeko epeak murritzagoak dira, eta, horregatik, New Yorkera bidaiatuko du. Filma 2020. urtean estreinatu zen; argi uzten zuen AEBetako estatuen artean emakumeek eskubide desberdintasunak zituztela. Oraingoan, emakume askok Chicagoko 1960ko hamarkadako emakumeek baino egoera okerragoa bizi dute. The Janes dokumentala tristura handiarekin ikusi dut, bertan emakumeen borrokaren emaitza ikusten delako. Borroka horren indar guztiekin amaitu nahi dute, baina erresistentzia handiarekin topatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.