Joseba Saies

Aurrera begira bizi da beti

Ergometroko Munduko Txapelketan, zortzigarren izan da 60-64 urtekoen mailan. Gaztetan arraunlari izanik, itzuli egin nahi zuen, baina barruan aritu behar, osasun arazo bat tarteko: odoleko gaixotasun kroniko bat du.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Aia
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Etxe arrunt batetik izan daiteke kirolari bat Munduko Txapelketan zortzigarren, eta hobetu dezake Espainiako marka. Pandemiaren ajeak. Ez da gauza handirik behar traste aldetik: ergometroa eta ordenagailua, propio lehia horietarako egina.

Otsailaren 25ean, ordu jakin batean, Joseba Saies (Donostia, 1958) bere etxeko gela batean zegoen, arraunerako prest, 60-64 urtekoen mailan. Ordenagailua inguruan. «Ba!», eta tira eta tira. 500 metro aurretik —2.000koan ateratzekoa zen, baina arazoak izan zituen izena emateko orduan—. 90 segundoko lan bizia egin ondoren, eta hamabost parte hartzaileen denborak kontuan hartuta, zortzigarren sailkatu zen. Espainiako bere lehengo marka hobetu zuen. Iaz zazpigarren izan zen, eta duela bi, hamahirugarren.

Orioko kamiseta mahukagabearekin egin zuen txapelketa, eta Aiako lurretan arraun elkarte historiko horrek duen instalazioan egin du hitzordua BERRIArekin. Klubaren jertsea du soinean, eta mahukarik gabeko kamiseta azpitik. «Zurekin egon eta gero, entrenatzeko asmoa daukat». Saies bertan ikustea ohiko bilakatu da, astean lau aldiz joaten baita. Asteko entrenamendua etxean osatzen du, beste bi saiorekin. «Egunero 15 kilometro egiten ditut ergometroan. Hilean 400 bat», esan du.

Duela lau urte heldu zion berriz ere arraunari, gaztetan ere ibilia zela eta: «Aulki mugikorrean jardun nuen, Arraun Lagunak-en». Ezin jarraitu, ordea: «Mila gauzatan sartuta nenbilen, eta entrenatzeko ordutegia ez zetorkidan bat bilera kontuekin-eta». Berriz ere arraunari heltzearen oinarrian, batetik, nahia dago, eta, bestetik, patua: «Banuen asmoa bueltatzeko, baina ezin dut uretan kirolik egin, gaixotasun larri baten eraginez, eta barruan egiteari ekin nion, neure segurtasunerako onena delako».

Saiesi odoleko gaitz sendaezin bat atzeman zioten duela lau urte, justu arraunera itzultzekoa zela. «Kolpetik 17 kilo galdu nituen, eta 105 pisatzen nuen garaian izan zen. Ez zen normala. Analitikak egin, eta han azaldu zen gaixotasuna. Kronikoa da, eta kimioterapia tratamendua daukat betiko». Egunean bi pastilla, asteburuetan bat: 12 denera.

Kirola egiten jarraitu nahi zuen, baina mediku batek, ezetz: «Eskatu nion ziurtagiria egiteko lehian jarraitu ahal izateko, baina ezta pentsatu ere. Kotxea hartzea ere galarazi zidan, medikamenduen eraginez edozein unetan lo hartzeko arriskua nuelako». Piraguan zebilen orduan, bere beste pasioetako batean, eta zorabiatu egiten zen, ziplo erortzeraino.

Medikua aldatu, eta Izaskun Zeberioren bila joan zen: «Kirolari izandakoa da, eta eman zidan aukera kirola egiteko. Ez lehiatzea hobe nuela, baina egin nezakeela». Orioko Arraun Elkartearen ateak Javier Puertas arraunlari beteranoarekin eta Ibon Urbieta arraunlari ohiarekin hitz eginda ireki zitzaizkion: «Ergometroarena aspergarria zela pentsatzen nuen, barrualdean egiten delako. Uste nuen naturaren falta sumatuko nuela, baina ez, oso gustura nabil». Zorabioena ez zaio joan: «Oraindik ere gertatzen zait, baina ez lehen bezala. Erortzen banaiz, gainera, lurrera erortzen naiz, ez uretara».

Bizitzak beste olatu handi bat ere jarri zion gainean iaz, «burua eta gorputza askoz hobeto» zituenean: «Emaztearekin oporretan nengoela, autoan gindoazela, burua geratu bezala egin zitzaidan. Ez nuen konortea galdu, baina ez naiz ezertaz oroitzen. Ordubetez egon nintzen horrela. Larrialdietara joan, eta tumore bat aurkitu zidaten buruan». Sustoa leundu zioten gero: «Ona zela eta 15 urte lehenagotik neukala esan zidaten medikuek. Nekrosatuta dagoela ikusi zuten, eta balitekeela autoan izandako buruko gertakaria tumore zati baten mugimenduak eragina izatea». Orduan hasi zen lotzen lau urte lehenagoko zorabioekin: «Azkenean, baliteke denak zerikusia izatea». Eta «dena» horren barruan beste hau ere sartu du, beste susto bat gorputzak emandakoa: «Aurten, egun batean, hanka mugitu ezinda geratu zitzaidan. Osatzeko sei hilabete beharko nituela esan zidaten medikuek, baina askoz azkarrago osatu naiz».

«Kirola kenduta, akabo»

Kolpeak kolpe, indartsu dago: «Bizitzan zortekoa izan naiz beti, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitzea espero dut. Kolpe hauek guztiak oraingoak dira, 60 urtera arte primeran egon nintzen eta».

Aurrera egite horretan, kirolak aparteko bizitasuna ematen dio: «Lasaitasuna ematen dit. Kirola eta natura kenduz gero, akabo», onartu du. Kirolak beste zerbait ere ematen dio: «Oso lehiakorra naiz, eta kirola ondo datorkit».

Bere izaera horrekin blaitu zituen 13 urtez Euskadiko Piraguismo Federazioko bazterrak, presidente izan baitzen aldi horretan: «Horretan ere zorteko. Izan ere, garaipen asko lortu genituen». Entrenatzaile eta hautatzaile ere izan zen. Piraguan ere lehiatu zen, eta arraunean jarraitzeko asmoz dago: «Urtean lau txapelketa izaten ditut, Ingalaterrakoa bat, Frantziakoa bestea, Espainiakoa ere bai , eta Mundukoa. Open formatuan, beste lau estropada ere izango ditut aurten, Espainian».

Munduko hurrengoa Kanadan dela eta ez duela joaterik izango azaldu du: «Urruti da, han egingo da eta. Azkenean, beste zaletasun batzuk ere baditut». Jarrera berarekin egingo ditu: «Aurrera begira beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.