KRITIKA. Zinema

Zorionekoak gu

Gontzal Agote.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

'Lucky'



Zuzendaria: John Carroll Lynch. Aktoreak: Harry Dean Stanton, David Lynch, Ron Livingston, Ed Begley Jr.Herrialdea: AEB.Iraupena: 88 minutu.

Travis da, basamortu baten erdian, peep-show bateraino eramanen zuen bilaketa existentzial-oniriko batean, Ry Cooderren doinu betierekoak lagun. Familia baten garai bateko zoriontasuna super 8 bideo pelikuletan haren begien aurretik pasatzen, tristuraz beteriko begirada baten pean.

Eta Lyle da, anaia ailegatzen ikustean ironiaz beteriko galdera egingo diona. Zain zegoen, betidanik, eta betiko handikbertatik mugitu gabe egon balitz bezla, portxe horren azpian, traktorea noiz helduko zain.

Paris, Texas eta The Straight Story-n egindako rolek —hain berdinak, hain desberdinak— markatu zuten Harry Dean Stantonen ibilbide zinematografikoa. Askoz ere gehiago egin zituen, zientoka eta ez nolanahikoak: The Godfather II, Alien, Pat Garret and Billy the Kid, Cool Hand Luke... betiere bigarren mailako roletan.

Orain, pelikula oso bat eskaini diote, opari bat, luxu bat zinemazaleontzat. Bere testamentu artistiko eta bitala, filma amaitu eta gutxira hil baitzen Stanton. Horregatik, ederra bezain hunkigarria da ikustea Lucky nola jolasten den heriotzarekin, beldurrez, errespetuz baina umorez ere bai.

Azken finean, horrekin bizitzen ikasi behar dugula dio bere lehen pelikula egin duen beste aktore batek, John Carroll Lynchek. Dortokaren moduan, hilkutxa soinean daramagu, karga astuna da askotan, baina ez da hori aparte uzteko modurik .

Aktorea eta paisaia bat eginik, balada krepuskular bikain eta minimo batean, eguneroko kontu txikiak herri txiki batean. Bakartia izanagatik ere, ez dago bakarrik Lucky eta, besteak beste, aspaldiko lagun bat du alboan, David Lynch handia, aktorearekin harreman sakona eta elkarlan emankorra izan zuena, azkena Twin Peaks-en hirugarren denboraldi txundigarrian.

Lucky-k harekin eraman zuen Harry Dean Stanton, baina François Truffautek uste zuen bezala, zinema bizitza baino hobea bada, badugu zerekin kontsolatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.