Zazpi aulki finalerako, eta dozenaren bat hautagai

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliak xehe aztertzeko datuak utzi ditu, saioei, ariketei eta bertsolariei dagokienez

Alaia Martin heldu da puntu gehien lortuta finalaurrekoen bigarren fasera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
mikel p ansa
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bertsolari Txapelketa Nagusia ez da ohiko bertso jarduna; puntuetan ebazten da, eta puntuei erreparatzen die bertsozaleak asteotan. Eta zer esaten dute puntuek, bigarren faserako nortzuk sailkatu diren zehazteaz gain? Ba, datu xeheago batzuk bai, erakusten dituzte: Durangoko (Bizkaia) eta Elizondoko (Nafarroa) saioetan aritutakoek bildu dutela puntu gehien, esaterako; eta dozenaren bat bertsolari daudela oraindik finalera sartzeko lehiarik estuenean.

Finalaurrekoen bigarren fasean, hemezortzi bertsolari arituko dira kantuan, hiru bertso saiotan —Amurrion (Araba), Baionan eta Bilbon—, eta horietatik zazpi sartuko dira finalean; abenduaren 3an jakingo da nortzuk izango diren. Hori argitzeko, finalaurrekoen bigarren fasean lortuko dituzten puntuak lehen fasean lortutakoei gehituko dizkiete. Bitartean, Maialen Lujanbio haien zain dago Nafarroa Arenako oholtzan. Oraingoz, lehen faseko lau saioetako bertsolariak badaude lehen zazpi postuetan: Elizondon kantatutako bi, Donibane Garaziko saioko bi, Irungo (Gipuzkoa) saioko bat, eta Durangoko saioko bi.



SAIOEN ARTEKO ALDEAK

Finalaurrekoen lehen fasean, Durangoko eta Elizondoko saioetan banatu dituzte puntu gehien, alde nabarmenez; eta bi horietatik, Durangon gehiago. Han kantatutako lau bertsolari daude lehen hamarren artean. Eta Elizondon kantatutako hiru ere bai. Bi saio horietan kantatutakoetatik lehen hamarretan daudenak %70 dira, beraz. Durangon aritutako sei bertsolariei 4.105 puntu eman dizkiete, denenak batuta; Elizondon aritutakoei, 4.032,5.

Puntu gutxien, berriz, Donibane Garaziko saioan banatu zituzten (3.848 puntu, guztira). Han kantatutako sei bertsolarietatik lau kanpoan geratu dira lehen finalaurrekoen ostean. Irunen ere puntu gutxi banatu zituzten (3.954,5): saio hartako sei bertsolarietatik bat kanpoan da jadanik, eta beste bi hamabosgarren postutik atzera daude orain.

Beste datu deigarri bat: orain lehian dauden hemezortzi bertsolarietatik seik Hernaniko Bertso Eskolarekin harremanen bat dute, edo izan dute: Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Agin Laburu, Nerea Ibarzabal, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena. Lujanbio gehitu behar, bestalde.

ARIKETAZ ARIKETA

Harrigarria bada ere, puntukako ariketan banatu dituzte epaileek puntu gehien: lau finalerdietako puntukako bertso guztiak batuta, 3.235 puntu eman dizkiete bertsolariei. Ganbarako ariketak ere goitik puntuatu dituzte (3.213,5 puntu guztira), eta baita zortziko txikiko ariketak ere (3.183,5). Aldiz, zortziko handian (3.161) eta sei puntuko motzean (3.147) puntu gutxiago eman dituzte. Eta beste datu esanguratsu bat: ariketa bakoitzean bertsolari bat nagusitu da, ez du inork errepikatu.

Lehen fasean, Sustrai Colina izan da zortziko handiko ariketan emaitzarik onena lortu duen bertsolaria (149 puntu). Ariketa horretan, haren atzetik gelditu dira Alaia Martin, Jone Uria, Aitor Mendiluze eta Nerea Ibarzabal, denak 140 puntutik gora bilduta. Lehen zazpietatik hiruk Irunen kantatu zuten; eta horrek esan nahi du saio horren puntuazioa besteetan baino goragotik hasi zela, gero jaitsi bazen ere. Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus datoz horien atzetik.

Zortziko txikian, Miren Artetxek eskuratu du lehen itzuliko puntuaziorik onena (151,5). Martin eta Joanes Illarregi gertu gelditu zaizkio, eta Colina eta Mendiluze atzerago; Julio Sotok ere 140 punturen langa gainditu du ariketa horretan. Zazpigarren emaitzarik onena Oihana Iguaranek lortu du.

Beste nagusi bat agertu da puntukako langintzan: Agin Laburu (159,5). Jarraian gelditu zaizkio Illarregi, Gaztelumendi, Mendiluze, Martin, Amets Arzallus eta Soto, ordena horretan, denak 140 puntutik gora bilduta.

Sei puntuko motzean, berriz, Gaztelumendik lortu du puntu gehien: 152,5. Mendiluze eta Iguaran ditu atzetik. Ez da 140 puntura heldu den besterik ariketa horretan, baina Ibarzabal eta Martin gelditu dira horien atzetik; eta horien ondotik, Uria eta Colina.

Ganbarako ariketan puntu gehien bildu dituena Aitor Bizkarra izan da (153,5). Iguaran eta Martin ditu segidan, Colina atzetik, eta gero Mendiluze, Saioa Alkaiza eta Gaztelumendi. Guztiek lortu dituzte 140 puntutik gora ariketa horretan.

Parekotasun handia erakusten dute datu horiek, eta sailkapen orokorrean atzerago dauden bertsolari batzuk ere nabarmendu dira ariketa batzuetan. Laburu hamargarren da, adibidez; Artetxe, hamabosgarren. Hamalau bertsolarik erakutsi dute ariketaren batean zazpi onenen artean agertzeko gaitasuna, eta guztiek asmatu dute ale eder batzuk uzten oholtza gainean.

EMAKUMEEN INDARRA

Beste inoiz baino emakume gehiago parte hartzen ari dira txapelketa honetan, eta datuek ere hala erakusten dute. Lehen fasean kantatu zuten 36 bertsolarietatik hamalau ziren emakumezkoak (%39); finalaurrekoen lehen fasean, 24tik hamar izan dira (ia %42); eta finalaurrekoen bigarren fasean, hemezortzitik zortzi izango dira (%44,5). Txapelketako lehen fasean kantatu zuten 36 bertsolarien artean puntuazio onenak lortu zituzten lehen laurak emakumeak izan ziren: Martin, Ibarzabal, Iguaran eta Uria. Fase horretatik bigarrengorako sailkatu ziren hemeretzi bertsolarietatik hamar ziren emakumeak. Lehen faseko ariketak banaka hartuta ere, emakumeak izan ziren nagusi ia guztietan: Martinek lortu zuen puntu gehien hamarreko txikian eta ganbaran, Iguaranek zortziko handian, eta Onintza Enbeitak puntukakoan.

Bertsozale gehienen buruan dabilen galdera: zenbat emakume izango diren finalean kantari. Lujanbioz gain, gutxienez beste bat edo bi izateko aukerak badaude oraingoz, eta, alde horretatik ere, berritzailea gerta liteke aurtengo txapelketa, sekula ez baitira emakume bat baino gehiago elkartu final batean.

Oraingoz, bi andrazko daude lehen zazpi sailkatuen artean: Martin lehen postuan, eta Iguaran seigarrengoan. Horrek ez du ezer esan nahi, eta hurrengo saioetan ere kantatu egin beharko dute, puntuak garesti baitaude, eta lehia, estu. Horren seinale, datu hau: lehen fasean puntu gehien lortu zuten zortzi bertsolarietatik hiru erori egin dira finalaurrekoen lehen itzulian.

BERTSOLARIZ BERTSOLARI

Lehen finalaurrekoan puntu gehien bildu dituen bertsolariak, Martinek, ez du lortu ariketa bakar batean ere lehen postua. Puntuei begiratuta, erregularrena bera izan da, hala ere: puntu gutxien bildu dituen ariketetan ere bosgarren egin baitu, eta bi ariketatan —zortziko handian eta zortziko txikian—, bigarren.

Mendiluze ere oso erregular aritu da —sailkapenean bigarrena da—, ariketa guztietan bosgarren postutik gora, baina, Martin bezala, ariketa bakar batean ere nagusitu gabe. Sei puntuko motzean, bigarren egin du; zortziko handian eta puntutakoan, laugarren; eta ganbaran eta zortziko txikian, bosgarren.

Gaztelumendik sei puntuko motzean lortu du beste inork baino puntu gehiago, baina apalago ibili da beste ariketetan, nahiz eta oso erregular aritu beti: zortziko handian seigarren egin du; zortziko txikian, hamaikagarren; puntukakoan, hirugarren; eta ganbaran, zazpigarren.

Illarregik emaitza hobeak izan ditu saioko lehen ariketetan, ondorengoetan baino: zortzigarren zortziko handian; hirugarren zortziko txikian; bigarren puntutan; baina hamaikagarren sei puntuko motzean eta ganbaran. Gorabehera horiekin ere, laugarren da sailkapenean.

Colina ere gorabeheratsu ibili da puntuazioetan, nahiz bertsotan sendo aritu. Zortziko handian nagusi izan da, eta zortziko txikian eta ganbaran laugarren egin du, baina puntutako ariketan hemezortzigarren gelditu da; eta seiko motzean, zazpigarren.

Iguaran, berriz, saioko azken ariketetan nabarmendu da: zortziko handiko puntuazioan hogeigarren gelditu da; zortziko txikikoan, zazpigarren; puntutakoan, hamahirugarren; sei puntuko motzekoan, hirugarren; eta ganbarakoan, bigarren.

Puntu gutxien banatu ziren saioan aritu ziren Iguaran eta Amets Arzallus, eta sentitu da hori sailkapenean. Arzallus goiko puntuazioetara iritsi ezinik ibili da lehen finalaurrekoan: zortziko handian, zazpigarren lekua du; zortziko txikian, zortzigarrena; puntutan, seigarrena; sei puntuko motzean, poto bat dela medio, hamabigarrena; eta ganbarakoan, zortzigarrena. Poto egin arren sailkapen orokorreko lehen zazpien artean dagoen bakarra ere bada, eta pentsatu behar da irristada horrek hogei bat puntu kenduko zizkiola, gutxi gorabehera.

DOZENAREN BAT LEHIAN

Orain arteko sailkapenean puntu gehien duten lehen zazpi bertsolarien balorazioak dira horiek, baina atzetik datozen batzuk ere ez daude urruti. Arzallusek (zazpigarrena) bi punturen aldea baizik ez dio ateratzen Sotori (zortzigarrena); 10,5 puntu Bizkarrari; 11 Labururi; eta 15 Ibarzabali. Alkaiza ere ez du hain urruti, 26 puntura; ezta Uria ere: 27,5 puntura.

Aldeak txikiak dira zerrendaren goiko aldean, eta edozein nabarmendu liteke. Sotok, esaterako, sei ariketetatik bitan lortu du zazpi puntuaziorik onenetan sartzea. Gauza bera esan liteke Ibarzabali eta Uriari buruz: zazpi puntuaziorik onenetan sartu dira bina ariketatan. Onenen artean egoteko gaia erakutsi dute.

Ariketa guztietan erakutsitako sendotasunari eta erregulartasunari erreparatuta, esan daiteke Martinek, Mendiluzek, Gaztelumendik eta Colinak hanka erdi bat luzatua dutela Nafarroa Arenara. Baina ustekabeko poto batek edo ariketa baterako pentsatzeko denbora gehiegi hartzeak aise jan ditzake aldeak, eta, beraz, esan daiteke dozena bat edo hamahiru bertsolari behintzat finalera sartzeko lehiaren barruan daudela oraindik.

Zailago ematen du atzerago daudenentzat. Agirre dago hamalaugarren, eta Artetxe hamabosgarren. Horietatik zazpigarren sailkatura 35 puntu baino gehiagoren aldea dago, eta zail izango da koska hori jaten. Baina bertsolari guztiek erakutsi dute, baita kanpoan gelditu direnek ere, edozein ariketari distira eginarazteko abilidadea. Eta hori ere bada txapelketa; irabazleez, sailkatuez eta puntuez harago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.