Onintza Enbeita.
BIRA

Zori gaiztoa

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Inork ez zuen espero eman duten sententzia desberdina izatea. Ohituta gauzkate arrazoirik gabeko zigorretara. Gogoratzen naiz nola kontatu zidan lagun batek bere ahizpari lau urteko zigorra ezarri ziotela existitze hutsagatik. Eta gutxi iruditu zitzaidan; zerbait eramangarria zela pentsatu nuen. Antzerako zerbait gertatu zait Kataluniako politikarien auziari emandako sententzia entzun dudanean. Lagun bat etorri zait estu eta larri berria ematera, eta «zer uste zenuen, bada?» esanez erantzun diot. Eta horrela zerbait terribleari pisua kendu diot ia. Baina egia ere bada: zer uste genuen zela Espainiaren batasun apurtu ezinaren aurka egitea? Odolez irabazi dutena ez digute mesedez emango, eta, aldi berean, badakigu haiek gure aldean arma indartsuak dituztela.

Beraz, ez niri esan zorigaiztoko sententzia denik. Zori gaiztoa, hitzak berak esaten duen moduan, zorte txarra da. Hemen ez gara zoriaz ari: ondo diseinatutako estatu eredu batez baizik. Kartak erakusten ditugun mahaian zerbait falta bada, hori zoria da. Dena dago antolatuta, dena prest: polizia, epaileak, fiskaltza, Konstituzio Santua defendatzen duten politikariak, diruak usteldu egin duen periferia. Ez ez ez, Kataluniak ez dauka zori gaiztorik. Espainiako demokrazia deitua da, intentzio gaiztoz beteta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.