Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Diskurtso amorfoak

2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Pelikulak ikusteari utzi beharko diot, gizonei gorrotoa hartuko ez badiet. Ondo harrapatzen al zaitut? Bai. Masturbatzera nindoan, baina hori gero ere egin dezaket. Izaki ez-arrazionaletan, ez naute hainbeste samintzen animalia hilek nola bizi ezinik dabiltzanek. Gizakietan ez naiz ausartzen paralelismoa zuzenean aplikatzen, arima ere hor ibiliko baita nonbait. Zure irribarrean, zeure arima damaidazu. Ez, mesedez! Gorde arima zeuretzat, eta eman irribarrea.

Pantaila txikitzeak ez dakit zaborra kanpoan utziko duen. Eboluzioa prebisorea baita, laster abiatuko da gizaki mota bat, belarri bat planoa daukana. Bestea luzatuko da semaforoa jo arte. Ez da beharko. Aurretik, ikusiak izango ditugu, kafetegi batera sartzean, mugikor-taldeak mahai gainean, elkarrekin mezu-jokoan, eta bitartean, jabeak parkean, euren txakurrak asaskatzen. Egiazko engainua bada, noski, baina ez gutxiago, engainatua izateko premia.

Errukia nori? Organo baten zain dagoena istripuen gutxitzeak izutzen du. Sano daudenak, berriz, gaixotzeko beldur dira. Ez da erraza osasuna zaintzea. Gorputza luzitzeko botikak onartzen ditut, eta gaitz bat sendatzekoak errefusatzen. Utz dezadan horretan. Neure pertsonaz mintzatzerik ez dut maite, ez baitago gauza molestoagorik ezaxolaz entzun zaitzaten baino. Zozoak zergatik kantatu dit komuneko leihora alaitasun mingarri horrekin?

Arazo guztiak konpontzen dakit, neureak izan ezik. Uste dut besteei ere berdin gertatzen zaiela. Horrela ulertzen da arazo gehienak konpontzeke egotea. Ilargiak inoiz ez dit etorkizuna iradokitzen. Beti iraganera bidaltzen nau. Ez eska niri bizia ematerik inorengatik. Eska, gehienez ere, bizi nadila zuengatik. Oroimena ahultzeak ez nau hainbeste kezkatzen. Badakit zerbait ahaztu zaidan tokitik berriz pasatuko naizela. Hautsa kontserbante ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.