gorka julio
IRLEN SAREA

Assange askatu

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Julian Assange atxilotu dute Ekuadorko enbaxadan zegoela. Estatuaren baimenaz, asiloa kendu eta naziotasuna kentzeko prozesua abiatu dutela baliatuz. Enbaxada lurralde burujabe izanik, harrigarria izan da Scotland Yard enbaxadan sartu eta Assange atxilotzen ikustea. AEBek aspalditik zuten Assange atxilotzeko gogoa, eta Ekuadorko presidente aldaketak posible egin du azkenean hori gertatzea. Nazio Batuek behin baino gehiagotan salatu dute bere atxiloketa arbitrarioa litzatekeela. Internet kendu zioten, komunikazioak ere mugatuak zituen, eta, enbaxadan egon arren, atxiloaldi antzeko batean bizi izan ditu azken urteak. Sei urte igaro ditu bertan, baina gogoratu behar da zergatik iritsi den Assange egoera horretara.

2010ean, Irakeko gerrako kazetari baten eta herritarren aurkako eraso baten bideoa eman zuen argitara Wikileaks-ek. Ondoren, Afganistango eta Irakeko gerren inguruko dokumentazio asko argitaratzea lortu zuen. Interneten gaineko kontrola eta autoritarismo digitala ere salatu izan ditu geroztik Assangek. Azkenaldian, Lenin Moreno Ekuadorko presidente berriaren zenbait ustezko ustelkeria kasuei lotutako informazioa zabaldu izana egotzi izan diote.

Enbaxadan zegoela bere egunerokoan, monotonia apurtzen saiatzen zen. Asko pentsatzeko eta hausnartzeko aukera izan du. RT katean eginiko elkarrizketatako batean esan zituenak nahiko beldurgarriak izan ziren. Bere ustez, giza zibilizazioa «kinka larrian» dago, adimen artifizialari lotutako igoerak, estatuen eta korporazioen lehia izugarriak gatazka berriak ekarriko dituelako. Orain jaiotzen ari den belaunaldia azken belaunaldi librea izan daitekeela esatera ausartu zen.

Gero eta jarrera autoritarioagoak hedatzen ari dira, eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso berri horrek larritasun berezia dauka. Demokrazia liberalek adierazpen askatasuna jarri izan dute beti lerro gorri moduan. Aspaldi apurtua izan bada ere, oraingo honetan herrialdeen burujabetzaren gainetik erasotzeko bideak erabiltzeak larritasun gehigarria eransten dio.

Beharbada egia da Assangek esaten duena eta autoritarismorako bidean pausoak gero eta azkarrago ematen ari gara. Etorkizun hori iritsi ez dadin, denon indarra behar dugu, baina denbora agortzen ari da. Assange eta beste guztiak askatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.