gorka julio
IRLEN SAREA

Greba digitalak

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bizkaiko metaleko eta Amazongo langileak elkartu egin dira Trapagaranen, bi sektoreetako hitzarmenak negoziatzeko eskatuz. Lehenengoek bost lanegun jarraian egin dituzte greban, eta bigarrengoek 24 orduko geldialdia egin zuten egun estrategiko batean: Cyber Monday delakoan hain zuzen ere.

Metalgintzako borrokak jarraipen zabala izan du eta eredugarria izaten ari da. Beren borrokari esker, urteetan haiek izan dira langileen gehiengoari eragiten dien hitzarmenetan eragin gehien izatea lortu dutenak. Tresna garrantzitsuak dira oraindik hitzarmenak, eta horri esker, langile askok beren bizi baldintzetan hobekuntzak lortzen dituzte.

Trapagarango Amazonen zentro logistikoko langileek, aldiz, hitzarmen egoki baten aplikazioa eskatzeko egin dute greba. Horren ondorioz, 20.000 pakete inguru banatu gabe gelditu ziren, eguberri kanpainatik gertu gauden garai honetan; indar erakustaldi handia izan da.

Polita da ikustea borroka molde zaharrek arlo digitalari lotutako enpresa handietan ere indarra hartzen dutela. Hori errazagoa da hitzarmen kolektiboak aplikatzeko aukera duten lekuetan bereziki. Momentuz, lanari lotutako legeek, eta batez ere borroka sindikalak, erakusten dute borrokak baduela eragina. Baina badira beste arlo batzuk non elkartzeko aukerak ez diren hain errazak izaten ari, adibidez plataforma digitalei lotutako lanetan. Horietan langileen aurkako jarrerak nagusitzen ari dira.

Amazonen kasuarekin jarraituz, ezagunak dira beste legedi bat aplikatzen zaien tokietan—adibidez, AEBetan— zein den enpresaren jarrera: sindikatuen kontrako praktikak, langileen kontrola eta entzunketak, antolaketa zailtzeko autonomo faltsuen erabilera... Jarrera horiek guztiak gurean ere gertatzen ari dira, baina hitzarmenei esker eta langileek erakutsitako antolaketa gaitasunei esker, kontentzio maila bat lortu da, prekarioa baldin bada ere.

Arreta plataforma digitalei lotutako espazio horietan jarriz gero, egoera askoz okerragoa da. Borroka konfluentziak ematea ezinbestekoa da, baita antolaketa ereduetan irudimentsuak izatea ere. Sindikatuek beren jarduna pertsona horien antolaketan laguntzeko moldatzen dutelako edota langileak forma berriak irudikatzeko gai direlako; azken kasu horretan, langileek beraiek lanaren jabe egitearen aukera ere aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.