Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Azkenburuko meloia

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Tiktok da sare sozialetan marmar gehien eragiten duena. Gazte zaharroi iruditzen zaigu nahikoa lan izan dugula Tuenti eta Facebooketik Twitter eta Instagramera hala moduzko duintasunez igarotzen. Ez garela izango gai bertako kodigoetara egokitzeko. Edo ez dugula nahi, bestela. Baina mesfidantza deigarriena mendebaldeko agintariengan pizten duena da. Trump ahalegindu zen aplikazioa debekatzen, eta Europako Batasunak oraintsu agindu die haren menpeko funtzionarioei aplikazioa sakelako telefonoetatik ezabatzeko. Beldurgarriagoa ote da Txinak gure datuak biltzea AEBek izatea baino? Gutxiegitan zabaltzen dugun meloia dago hor.

Tiktok bera da globo aerostatiko baten tamainako meloia zabaldu duena. Adingabekoek aplikazioari eskaintzen dioten denbora mugatuko duela iragarri du. Ohi bezala, letra txikiak dioena titulua baino epelagoa da. Ez dute, egiazki, debekurik ezarriko. Eguneko ordubetea igaro dutenean, ohartarazi egingo die aplikazioak. Euren pasahitza berriro sartu beharko dute bideo laburrak ikusten jarraitzeko. Debekua, hortaz, gizon aberats zuri batentzat edozein muga den bezain alegiazkoa izango da. Baina nahikoa izan da balizko doitze horretan lehen urrats lotsatia iragartzea, galdera piloa eragiteko.

Badira droga bigun eta gogor guztien legalizazioaren aldekoak; badira uste dutenak estatuak gogorrago egin behar lukeela tabakoaren edo alkoholaren kontsumoaren aurka; edo irizten diotenak komunitate gisa jorratu behar ditugula gai horiek. Lagunarteko zientoka bazkaloste bete dira gai zabal horren bueltan, «askatasun indibiduala» eta «estatuaren gurasokeria» bezalako kontzeptu handiusteak tartekatuz gintonik edo kafearekin. Klasiko bat da, eskola publikoa vs ikastola hit gorenarekin parekatzerik ez bada ere. Bada, hemen duzu asteburuko sagardotegirako eztabaida gai berria, nahi duzun puntu eta neurrian lantzeko. Dopamina txuteak nola eragin badakiten algoritmoekin jantzitako sare sozialak drogatzat jo daitezke? Hala bada, badu zentzurik erakundeek haien erabileran esku hartzeak? Adingabekoena mugatu behar da soilik? Edo gurasoak dira haien seme-alaben gain erabaki behar dutenak? Zer helduko da lehenago? Adostasuna gai honetan edo Tiktok ordezkatuko duen hurrengo aplikazioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.