EKOGRAFIAK

Kantzelazioaren kultura

Amaia Garcia.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Louis C. K. Madrilen egon da. Martxoaren 8an izan zen, eta horrek polemika txiki bat sortu zuen komediazale feministen artean. 2017. urtean jakin zen Louis C. K. sexu jazarpenengatik salatua izan zela. Informazio hori The New York Times egunkarian argitaratu zen, eta, hartan, bost emakumek haren jarrera salatu zuten. Horren ondorioz, Louis C.K. kantzelatua izan zen, eta bere lanak bertan behera geratu ziren. Kantzelazioaren kulturaren aurka gauza asko esan dituzte azken urteetan, batez ere gizonek. Haien ustez, fenomeno horrek gizonen bizitzak apurtzen ditu. Baina, kasu honetan, Louis C.K.-k bere lanarekin aurrera egiteko aukera izan du, eta gaur egun Europan zehar dabil bere ikuskizuna eginez.

Aitortu behar dut Louis C.K.-ren Louie telesailaren oso zale nintzela, eta albistea argitaratu zenean shock egoeran geratu nintzela. Antzeko gertatu zitzaion bere laguna zen Pamela Adlon komediante eta sortzaileari. Biak Louie telesailean ikusi genituen bere garaian, eta horrek Pamela Adlonen Better Things (HBO Max) telesail aparta sortzea ere eragin zuen.

C.K.-ren eskandalua argitaratu zenean, Adlonek bere proiektuarekin aurrera egin nahi zuen. Argi zuen C.K.-rekin ez zuela egingo. Bere telesailak feminismoa barneratua du eszena bakoitzean. Louie telesaila bezala, Better Things autobiografikoa dela esan dezakegu. Adlon hiru alabaren ama dibortziatua da, eta Sam telesaileko protagonistak egoera berbera bizi du. Bere alabekin dituen gatazkak erakusten dizkigu telesailak, eta Hollywoodeko bizitzaren atzean dauden alde grisak ikusten dira.

Martxoaren hasieran, telesailaren bosgarren denboraldia hasi da. Telesaila ikusten jartzen naizenean, ahaztu egiten zait telebistaren aurrean nagoela. Telesail horrek magia aparta du: ikusten dudan bitartean toki zoriontsu batera eramaten nau. Itxuraz ezer kontatzen ez duen telesaila izan daiteke, bizitza gertatzen da kameren aurrean. Sam eta bere alabak asko aldatu dira bost denboraldi hauetan, eta haien heltze prozesuak ikusi ditugu. Errealismoz beteriko telesail horrek azkeneko denboraldia izango du.

Bitartean, Louis C.K.-k lanean jarraituko du, baina ni Pamela Adlonen hurrengo lanaren zain geratuko naiz azken kapituluaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.