Afganistan

AEBek jopuntuan jarri dute EI, Kabulgo atentatuaren ondoren

Aireportuko ebakuazioak «azken unera arte» luzatuko ditu Washingtonek, eraso gehiago izateko arriskua dagoen arren. UNHCRk uste du milioi erdi lagunek euren etxeetatik ihes egingo dutela

Soldadu taliban bat Kabulgo aireportura ematen duen errepide bat zaintzen, atzo. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Etsaiak mailakatzera eta lehentasunak birdefinitzera behartu ditu Kabulgo atentatuak AEBak. EI Estatu Islamikoaren Afganistango adarra gordin agertu da aireportuko anabasaren erdian, eta haren erasoek—170 dira dagoeneko hildakoak; tartean, hamahiru soldadu estatubatuar—, erakutsi dute orain arte talibanen itzalpean izan den mehatxuaren tamaina.

Ikusteko dago horrek Etxe Zuriaren planak aldaraziko ote dituen, baina atentatuaren osteko beroan Joe Biden presidenteak jopuntuan jarri zituen egileak: «Ez dugu barkatuko. Jazarri egingo dizuegu, eta ordainarazi». Gainera, jakinarazi zuen Pentagonoari eskatu diola diseinatu ditzala askotariko planak EIren kokalekuei eraso egiteko. Halaber, ez zuen baztertu atentatuari erantzuteko Afganistanera militar gehiago bidaltzea.

Ez du ematen asmo hori talibanek jarritako baldintzarekin ondo ezkontzen denik: datorren astearterako Kabulgo aireportua uztearekin. Luzapenik ez dela egongo esan du orain arte Washingtonek, eta ebakuazioak «azken momentura arte» egingo dituztela. Hala ere, baliteke atentatuak eta Kabulgo aireportuko segurtasunik ezak AEBak behartu izana talibanekin lankidetza sendotzera, azken horiek baitira aireportuaren kanpoko perimetroa zaintzen dutenak. Alde horretatik, Politico hedabideak zabaldu zuen AEBetako soldaduek herritar estatubatuarren izenen zerrendak eman dizkietela talibanei, aireportura sartzen utz diezaieten. Horri buruz galdetuta, Bidenek ez zuen baieztatu halako zerrendarik existitzen denik, baina aitortu zuen AEBetako armadako kideek izenak trukatu izan dituztela talibanekin.

Washingtonen aliatuak —Italia, Norvegia, Erresuma Batua— ari dira, apurka, ebakuazio lanak amaitzen. AEBak izango dira azkenak aireportua uzten, eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek ohartarazi dute arriskua dagoela azken operazioetan funtzionarioak eta militarrak erreskatatzeari lehentasuna emateko, zibilak alboratuta. 105.000 lagun ebakuatu dituzte atzerriko indarrek orain arte, Etxe Zuriaren arabera. Atzo arratsaldean, oraindik 5.400 zeuden bertan, zain.

Behin astearteko epemuga igaro ondoren Kabulgo aireportuaren kudeaketa noren gain geratuko den ere ez da argitu oraindik. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen arabera, talibanek bere gobernuari eskaini diote kontu logistikoez arduratzea, baina Ankarak ez du erabakirik hartu oraindik horren inguruan. Kudeaketaz ez ezik, segurtasunaz ere arduratu nahi du Turkiak, eta, era horretan, bere militarren presentzia bermatu Kabulen. Talibanek, ordea, ez dute halakorik onartu, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko gainerako indarrekin egin ez duten moduan.

Gobernua osatzeko negoziazioetan ere ari dira talibanak. Euren iturriek Al-Jazeera telebista kateari adierazi zioten «behin-behineko gobernu inklusibo bat» eratu nahi dutela, Afganistango etnia eta tribu guztietako ordezkariak barnean hartuko dituena. Halere, guztien buru amir-ul nomineen bat izango dela zehaztu zuten, hau da, leialen komandante bat.

Ezarri nahi duten erregimenaren inguruko azalpenak ere eman zizkioten talibanek Al-Jazeerari. Emakumeek «gobernuko zenbait organotan» lan egin ahalko dutela berretsi zuten, «aurreko gobernuarekin egin zuten moduan»; besteak beste, osasungintzan eta hezkuntzan. Horrez gain, azaldu zuten epaitegi bereziak ezarriko dituztela ustelkeriaren kontra egiteko.

Kazetariak ere estu

Talibanen adierazpenak ez datoz bat haien jazarpena pairatzen ari diren kolektiboek emandako informazioarekin. Hainbatek salatu dute egunotan haien jopuntuan daudela kazetariak, eta, hain justu, CPJ Kazetariak Babesteko Batzordeak ohar bat plazaratu zuen lanbide horretako kideen egoera ahula ikusarazteko. «Azken asteetan, talibanek eraso fisikoak egin dizkiete kazetariei, etxeak miatu dituzte, eta telebistan agertzeko debekua ezarri diete emakumeei», gaitzetsi zuten.

Guztira, ia 400 kazetariren kasuak aztertzen ari dira talibanak, CPJren arabera, eta horiek erreskatatu ditzatela eskatu zuen. Alde horretatik, gogoratu zuen CPJk, gizarte zibileko beste 50 erakundek bezala, G7ko herrialdeei eskatu diela kazetariak eta hedabideetako langileak atzerriratzeko eta datorren asteartetik aurrera ere ebakuazioak egiten jarraitzeko.

Iheslarien kopurua handitzen ari da, bien bitartean, eta espero da, datorren asteartera gerturatu ahala, ugaritu egingo dela ihesera lurrez abiatuko direnen kopurua, nahiz eta talibanek hainbatetan azpimarratu hegaldi komertzialetan atera ahalko dela herrialdetik. UNHCR Iheslarientzako NBEren Agentziak uste du milioi erdi pertsonak alde egingo dutela aurten bizilekutik. Horrez gain, Pakistani eskatu zion herrialdera sartzen uzteko «bizia arriskuan duten afganiarrei». Pakistango armadako komunikazio zuzendari Babal Iftikharrek segidan erantzun dio esanez bere herrialdeko mugetan ez dagoela errefuxiaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.