«Eskegi egingo dizut»

Boladaka ugaritu egiten dira telefonia konpainia handiek egiten dituzten dei komertzialak. Eragiten duten erneguaz harago, errealitate gordin bat ere badago beste aldean: teleoperadoreen jarduna.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Amorruaren eta erneguaren mugan jasotzen diren deiak dira askotan. Ekite nekosoak, behin eta berriro unagarriak, behin eta berriz narritagarriak, eta asperdura akigarriak. Boladaka iristen dira, eta inpresioa da norberaren aldartea txarrenean goia jota dagoenean iristen direla beti, eta horregatik izaten dira parekoak ere erantzunak: «Ez zait piperrik interesatzen», «Eskegi egingo dizut», «Utzi bakean», «Ez deitu berriz», «Baina ze ordu dira hauek?». Pazientzia eta edukazio faltapandemia betean dauden honetan, telefonoz bestaldekoak sufritu behar izaten ditu askotan telemarketin kanpainen ondorio oldarkorrenak.

«Legeak baimentzen ditu dei komertzialak», argitu du Kontsumobide euskal institutuaren zuzendari Laura Alzolak, baina baldintza batzuk zerrendatu ditu hurrena: «Dei horiek identifikagarria den zenbaki batetik egin behar dira —kontsumitzaileak balia dezan dei horiek ez jasotzeko duen eskubidea—, eta inoiz ezin dira 09:00ak baino lehen eta 21:00ak ondoren egin, ez eta asteburu eta jai egunetan ere».

Espainiako Estatuan, 2007koa da hori guztia arautzen duen legea. Frantziako Estatuan, 2020an berritu zuten. 2021ekoa da, aldiz, bost telefonia konpainia handienek (Movistar, Orange, Vodafone, MasMovil eta Euskaltel) dei komertzialen inguruan adostutako Kode Deontologikoa —aurtengo urtarrilean sartu da indarrean, eta han ezarri dute, besteak beste, 10:00ak baino lehen ere ezin dela deirik egin, eta 15:00-16:00 bitartean ere ez—.

Robinson zerrenda

Legezkoak dira dei komertzialak, baina legezkoa da haiek ez jasotzeko erabiltzaileak duen eskubidea ere, eta hala jakinarazi behar zaio konpainia edo enpresa jakin horri. Nola? Deia jasotzen den unean bertan horixe esanda, edo Robinson zerrendan izena emanda Hegoaldean eta Bloctel zerrendan Iparraldean. «Debaldeko zerbitzu bat da, eta enpresak behartuta daude legez zerrenda hori kontsultatzera, publizitatea bidali edo dei komertzialak egin aurretik. Erabiltzaile hori zerrendan agertzen bada, ezin dira berarekin harremanetan jarri. Eta deika segitzen badute, Datuen Babeserako Agentzian salaketa jar dezake», azaldu du Alzolak.

Dena dela, Alzolak argitu du horretarako baimenik eman ez zaion enpresen kasuan balio duela Robinson zerrendak. Alegia, inoiz haiekin kontraturen bat sinatu edo une horretan kontraturen bat izanez gero, enpresa horrekin zuzenean kontaktatu behar da, haien deirik ez duzula jaso nahi jakinarazteko. «Arazoa izaten da askotan ez garela ohartzen enpresa horiei haien publizitatea jasotzeko baimena eman diegula. Egon liteke kontratuan bertan, edo informazioa eskatzen dugunean. Letra txikiaren trukoa da, baina kontsumitzaileak badu eskubidea hori ere atzera botatzeko», nabarmendu du Alzolak.

Kontsumobiden jasotzen dituzte baimenik gabeko dei komertzialei buruzko kexak eta erreklamazioak. «Ez dira asko ere izaten, baina agerian uzten dutena da zenbaitetan erabiltzailearen ezezko hori ez dutela errespetatzen. Kasu batzuetan, behin eta berriz deitzen dute, eta deika ari denak ez du bere burua behar bezala identifikatzen».

«Pertsonak» bestaldean

Kexaz eta erneguaz harago, ordea, beste aldearen errealitatea azaleratzen duen gaia ere bada dei komertzialena: teleoperadoreen jardunarena. Eta ez da errealitate gozoa, eta ez da errealitate eraman erraza. «Prekarizatua» eta «feminizatua» dira sindikatuek sektore horri buruz hitz egitean darabiltzaten lehen hitzak.

«Asko sufritzen dute bezeroen erreakzioekin. Ez gara konturatzen. Erantzuten dugulako, esanez: 'Utzidazu bakean!', 'Eskegi egingo dizut!'. Beste aldean dagoenak jasotzen ditu irainak, modu txarrak... Egon zaitez zortzi orduz lan horretan eta halakoak jasaten. Desgaste handia da», azaldu du Lorea Fernandezek, ELA sindikatuko Telemarketin arduradunak.

Contact Center izeneko hitzarmenaren barruan daude teleoperadoreak. «Gaur egun dagoen hitzarmenik okerrenetakoa da», LAB sindikatuko Telemarketin arduradun Nerea Zuloagak argitu duenez: 958 euro hilean, subrogaziorik ez, antzinatasunik ez... 2019koa da azken hitzarmena, eta berria ari dira negoziatzen. «Bi norabidetan egiten da lana: deiak egin eta deiak jaso. Denean gertatzen da, ordea, gauza bera. Deiak egiten dituzunean, erantzuna izatea: 'Oso astuna zara', 'Eskegi egingo dizut', eta 'Ez dut horrelako deirik jaso nahi'. Beste horrenbeste deiak jasotzen dituzunean ere: 'Promozio bat egin behar zenidan, eta ez didazu egin'», esplikatu du Zuloagak.

Cristinak —ez du bere abizenik eta enpresaren izenik eman nahi—, hamalau urteko eskarmentua du sektorean. Sindikatuek egindako ohartarazpenei ahotsa jarri die, gordin: «Irainak jasotzen ditugu, astakeriak esaten dizkigute. Jendea ez da konturatzen pertsona batekin ari dela hizketan, eta bestaldean dagoena bera bezalako bat dela. Mespretxuz tratatzen gaituzte, telefono operadore izate hutsagatik: 'Bada, ni abokatua naiz, eta zer jakingo duzu zuk. Besterik ez nuen behar, zuk zer esan behar didazu niri?'». Cristinak dio eskegiko dietela esatea, edo bakean uzteko eskatzea dela entzuten duten «suabeena»: «Badirudi batzuk telefonoaren bestaldean transformatu egiten direla. Ez dute normalean jokatzen duten moduan jokatzen. Oilartu egiten dira».

Denak «zaku berean»

Telemarketin sektorearen gaitz gisa aipatzen dituzte denek «azpikontratazioa» eta «deslokalizazioa», baina baita dei komertzial horien «fama txarrak» euren beste jardunetan duen eragin negatiboa ere. «'Teleoperadore' esan, eta jendeari zera datorkiobeti burura: behin eta berriz deika ari zaion gogaikarri hori. Baina hori baino askoz gehiago da telemarketina. Ezezagutza handia dago alor horretan», kexatu da Fernandez ELAkoa. Beste horrenbeste nabarmendu du Zuloaga LABekoak: «Kontua da denak sartzen ditugula zaku berean. Badago halako mito edo uste oker bat: jendeak uste du telemarketina dela Vodafonetik deitzen dizun astun hori bakarrik, baina telemarketineko hitzarmenaren barruan dago, adibidez, SOS deiak, zure bizia salba dezaten deitzen duzun telefono hori».

Cristina teleoperadoreak ere beren jardunaren defentsa egin du: «Pandemia garaian agerian gelditu da telemarketinaren balioa: guk ez diogu lan egiteari utzi une bakar batean ere. Martxoaren 13an, gure ordenagailuak hartu, eta etxera joan ginen, eta telelanean ari gara geroztik, gure zerbitzua ematen bezeroei».

Lanaren «gogorra» nabarmendu du Cristinak, eta bezeroei egin die dei: «Estres eta antsietate kasu asko daude, eta baja asko. Izan ere, enpresak berak exijitzen duenaz gain, bezeroak bere deien bidez exijitzen duena ere badago, eta maila eta ratio batzuetara iristea ezinekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.