Garaikur forma hartu du urak

Guillermo del Tororen 'The Shape of Water' filma izan da nagusi Oscar sarietan, film zein zuzendaritza onenaren sariak irabazita. Emakumeen alde aldarri egin du Frances McDormandek saria jasotzean

Garaikur forma hartu du urak.
Ainhoa Sarasola.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Ezusteko handirik gabeko gaualdia izan da Oscar sarien 90. aldikoa. Faboritoen artean iritsi zen Guillermo del Tororen The Shape of Water filma sari banaketa ekitaldira. Martin McDonaghek zuzendutako Three Billboards outside Ebbing, Missouri zen ohiko kinieletan gehien aipatu zen beste lana. Baina, azkenean, zinemagile mexikarraren filmak irabazi zituen bi garaikur nagusiak: The Shape of Water-entzat izan ziren lanik onenaren eta zuzendaririk onenaren sariak. Pozarren jaso zituen biak Del Torok, eta aldarrikapenerako ere baliatu zuen bere hizketaldia. Ez zen bakarra izan, aldarri ugari entzun baitziren Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian igande goizaldean eginiko galan.

Alfonso Cuaron (Gravity, 2014) eta Alejandro Gonzalez Iñarritu (Birdman, 2015; The Revenant, 2016) herrikideen ondotik, zuzendaririk onenaren Oscar saria lortu duen hirugarren zinemagile mexikarra da Del Toro, eta gogoan izan zuen hori saria jasotzera agertokira igo zenean. «Etorkina naiz, Alfonso bezala, Alejandro bezala, beste hainbat lagun bezala, eta zuetako asko bezala», hasi zuen hizketaldia. «Hondarretako marrak ezabatzen dituela da gure arteak duen gauzarik onena. Horixe egiten jarraitu beharra dago, munduak marra sakonagoak egiteko esaten digunean». El laberinto del fauno (2006) lanarekin, Oscar sarietarako izendapen bat lortu zuen aurrez, gidoirik onenaren kategorian, baina lehen aldia izan du garaikurra eskuetan hartzen. Film onenaren saria zinemagile gazteei eskaini zien.

Fantasiaz bustitako lana da The Shape of Water, beste hainbat lanetan erakutsi duen ildoari jarraitzen diona. Oraingoan, ur azpian bizi den izaki baten eta mutua den garbitzaile baten arteko maitasun istorioa hartu du ardatz zuzendariak. Hamahiru izendapen zituen zintak, eta lau sari lortu zituen azkenean: film eta zuzendaritza onenarenak ez ezik, musikarik onenarena —Alexandre Desplatek jaso zuen— eta produkzio diseinurik onenarena ere irabazi zituen.

Kopuruz, Christopher Nolanen Dunkirk izan zen, Del Tororen lanaren atzetik, sari gehien lortu zituena: hiru garaikur irabazi zituen II. Mundu Gerran girotutako filmak, hirurak teknikoagoak jotzen diren esparruetakoak: film edizio, soinu edizio eta soinu nahasketa onenarenak.

Hark baino sari bat gutxiago eskuratu arren, Three Billboards outside Ebbing, Missouri izan zen gaueko beste irabazle nagusia. Bi sari nagusi lortu zituen, filmean parte hartu duten aktoreen interpretazioei esker biak ere: Frances McDormandek irabazi zuen emakumezko aktorerik onenarena, eta Sam Rockwellek taldeko gizonezko aktorerik onenarena. Lehiakide indartsuak zituen parean McDormandek, Meryl Streep tartean, baina, hala ere, ia ziurtzat jotzen zen harentzat izango zela saria; Urrezko Globoetan, Bafta sarietan eta aktoreen sindikatuarenetan ere saritu zuten aurrez, alabaren heriotzaren ondotik poliziaren pasibotasuna salatu eta justizia eskatzen duen amaren rolean egindako lanagatik. Bere ibilbideko bosgarren izendapena zuen, eta, bi hamarkada atzera, Fargo filmari esker ere irabazi zuen sari bera.

Gaueko une indartsuetako bateko protagonista izan zen agertokira igotzean, emakumeen aldeko aldarrikapen ozena egiteko baliatu baitzuen McDormandek bere hizketaldia. Zutik jartzeko eskatu zien hautagai ziren beste emakume guztiei, kategoria guztietakoei, eta txalo zaparrada entzun zen antzokian haiek altxatzean. Hunkituta, baina oso argi mintzatu zen: «Begira ezazue, jaun-andreok. Emakume guztiok ditugu kontatzeko istorioak eta finantzaketa behar duten proiektuak. Baina horri buruz ez iezaguzue hitz egin gaur gaueko festetan. Gonbida gaitzazue zeuen bulegoetara pare bat egun barru, edo etorri zeuok geureetara, nahi bezala».

Me Too mugimendua bere aldarriak ozen entzunarazten hasi zenetik egin den Oscar sarien lehen gala izan zen igandekoa, eta auzia oso presente egon zen ekitaldian. Harvey Weinstein ekoizlearen sexu jazarpena jasan zuten hainbat emakume izan ziren antzokian, tartean, Salma Hayek, Ashley Judd eta Annabella Sciorra aktoreak. Argi mintzatu zen Sciorra ere, andreei ez isiltzeko deia egiteko: «Bizitzen ari garen aldaketa gure ahots boteretsuek eragin dute, ahots ezberdinek. Abesbatza zoragarri batean elkartu izanak, azkenean, esateko, [sexu jazarpena] amaitu dela». Halaber, Del Toroz gain, beste hainbatek ere hitz egin zuten etorkinen aurkako politiken kontra.

Bi sarirekin, hainbat film

Gizonezko aktorerik onenaren kategorian ere bete ziren pronostikoak: gehienek jotzen zuten irabazle Gary Oldman, eta hark irabazi zuen saria, Darkest Hour filmean Winston Churchillen rolean egindako interpretazioagatik. Taldeko emakumezko aktoreen atalean, berriz, Allison Janney saritu zuten akademiakideek, Craig Gillespiek zuzendutako I, Tonya filmean egindako lanari esker.

Hainbat izan ziren bi sari lortu zituzten lanak, tartean, Darkest Hour —Oldmanek irabazitakoaz gain, makillaje eta ile apaintze onenaren saria lortu zuten film horretan egindako lanagatik Kazuhiro Tsujik, David Malinowskik eta Lucy Sibbickek—. Lee Unkrichen eta Darla K. Andersonen Coco-k, animaziozko lanik onenaren garaikurra lortu zuen, baita abestirik onenarena ere —Kristen Anderson-Lopezen nahiz Robert Lopezen Remember Me kantuarentzat izan zen—. Blade Runner 2049 filmak ere sari bikoitza izan zuen: argazkirik onenarena (Roger A. Deakinsen eskutik) eta efektu berezirik onenena eskuratu zituen Denis Villeneuvek zuzendutako lanak.

Jatorrizko gidoirik onenaren saria Jordan Peelek lortu zuen, berak zuzendutako Get Out-eko istorioagatik. Egokitutako gidoirik onenarena, berriz, James Ivoryrentzat izan zen, Luca Guadagninok zuzendutako Call Me by Your Name filmeko testuagatik —Andre Acimanen izen bereko nobelan oinarritua—. Ivory, 89 urterekin, Oscar sari bat jaso duen pertsonarik adinekoena da igande goizaldeko ekitaldiaz geroztik. Film berean lan egin duen Timothee Chalamet, aldiz, 1939tik aktorerik onenaren kategorian izendatutako pertsonarik gazteena izan da.

Ingelesez besteko filmik onenaren saria Sebastian Lelioren Una mujer fantástica-k eraman zuen. Pertsona transexualekiko gizarte aurreiritziez mintzo da filma, eta sariak auzia ikusgarriago egiteko balio izatea espero duela adierazi zuen zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.