Telesailak

Sistema kapitalistaren paranoia

Filminek Satoshi Kon animaziozko zinemagile japoniarraren 'Paranoia Agent' kultuzko telesaila berreskuratu du

PARANOIA AGENT.
Mikel Yarza Artola.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zinema zuzendaria, gidoigilea, animazio eta manga sortzailea... askotariko diziplinetan trebatu zen Satoshi Kon artista japoniarra, 2010ean hil zenera arte. Iraupen luzeko lau film besterik ez zituen egin, baina haren autoretzak sekulako arrastoa utzi zuen Hollywoodeko zuzendari sonatuen artean; esaterako, Guillermo del Torok eta Darren Aronofskyk aipatu izan dute Konen obra, euren filmetako inspirazio gisa.

Pantaila txikirako ere egin zuen lan bat, 2004ko Paranoia Agent, eta orain Filmin plataformak berreskuratu du. Tokion bizi den diseinatzaile grafiko bat da istorioko protagonista. Izugarri ezagun bilakatu den maskota bat sortu du, eta, horregatik, presio bikoitza jasango du lantokian. Batetik, inbidiaz begiratzen diote lankideek, eta, bestetik, nagusiek agindu diote produktu arrakastatsu berri bat sortzeko berehala.

Lehen minutuetan, Konek Japoniako pitzaduren, sistema kapitalistaren eta produktibismoaren inguruko gogoeta sustatu nahi du, baina hori abiapuntua besterik ez da. Berehala egingo du pantailan agerpena batearen mutilak. Patinetan ibiltzen da nerabea, eta pertsonak kolpatzen hasi da gauez, urrezko bate tolestu batekin, euren arazoetatik aska daitezen. Eraso horien berri izan bezain laster, bi polizia agentek ikerketa bat abiatuko dute, nerabea atzemateko.

Istorio nagusiak aurrera egin ahala, ikusleek pertsonaia berriak ezagutuko dituzte, eta haiekin batera ugarituko dira jorraturiko gaiak: indarkeria matxista, prostituzioa, suizidioa, eliteko enpresaritza, institutuko liskarrak, haur baten bidaia iniziatikoa... superbotereak dituzten gerlarien inguruko bideo joko bat ere kabitzen da unibertso horretan.

Drama, komedia, thrillerra, izua, fantasia, erromantzea... askotarikoak izan ziren Konek telesailean erabilitako erregistroak, ikus-entzunezko lengoaia menderatzeko zuen abileziaren seinale. Gainera, sekulako erraztasuna erakutsi zuen, estilo narratibo eta estetiko batetik bestera modu naturalean igarotzeko.

Iraupen laburrekoa da telesaila: 25 minutuko 13 atalek osatzen dute, eta hori ere abantaila da, ikuslea aspertu ez dadin. Istorio paralelo ugari jorratzeak badu arrisku bat, argumentu eta pertsonaia nagusiak bazterrean gera litezke. Bada, alde horretatik, kontuan izan beharrekoa da proiektu horren eraketa prozesua. Telesaila soberakin multzo bat da, Konek aurrez egindako filmetan lekurik izan ez zuten ideien bilduma.

Errealitatea eta irudimenaren arteko jolasa izan zen artista japoniarraren ibilbideko ikur bereizgarrietako bat. Surrealismoa maiz txertatu zuen bere kontakizunetan, eta baita istoriogileak omendu ere. Horren erakusle dira Paranoia Agent telesaileko atal bakoitzaren amaierako narrazio laburrak. Kredituen ostean eta Amets iragarlea izenburupean, gizon edadetu batek hartzen du hitza hurrengo ataleko gertakarien aurrerapen paregabea egiteko. Poema profetiko baten antzeko pieza bat errezitatzen du, kapitalismoaren paranoiatik ihes egiteko profezia.

'PARANOIA AGENT'
Sortzailea: Satoshi Kon.
Aktoreak: Mamiko Noto, Haruko Momoi, Shozo Iizuka, Hisako Kyoda, Daisuke Sakaguchi.
Herrialdea: Japonia.
Urtea: 2004.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: animazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.