Telesailak

Erreinua, boterea eta loria

'Borgen' Danimarkako kultuko telesail politikoa itzuli da Netflixen, laugarren denboraldiarekin, agur esan eta bederatzi urtera

NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Danimarkako herritarrek baiezkoa eman diote Europako Batasunaren egitura militarrean sartzeari, hiru hamarkadako defentsa politika aldatuta». Borgen telesaileko pasarte bat izan liteke, baina ez da fikzioa, errealitatea baizik. Europan gerra berpiztu den honetan heldu dira herrialdearen erabakia eta Danimarkako telesail seinalatuaren itzulera, hortzak zorroztuta.

Ikusi gehiago:Prime Videok eta RTVEk 'Sin límites' telesaila estreinatuko dute hilaren 10ean, Elkanoren mundu birari buruzkoa

Borgen telesailak erreferentzia esplizituak egin dizkio koronabirusari, NATOko estrategia militarrari eta Errusiaren Ukrainako erasoari. Are gehiago, itzulerako denboraldi honetako ildo narratibo nagusiak lotura ezin zuzenagoa du aktualitatearekin: gasa eta subiranotasun energetiko, ekonomiko eta politikoa.

Istorioa hau da: enpresa batek petrolioa topatuko du Groenlandian, eta horrek botere lehia piztuko du, nazioartean eta etxean bertan. Birgitte Nyborg protagonista, orain Danimarkako atzerri gaietarako ministro karguan, lokatzetan sartu, eta energia berriztagarrien inguruko diskurtsoa hauspotzen hasiko da, gobernuan barne zatiketa eragiteraino. Telesaileko protagonista berriak norgehiagoka horren inguruan biraka dabiltza. Politikan eragin nahi duten enpresari espekulatzaileak, animalien askapenerako borrokatzen duten aktibistak, Artikoko biztanle indigenak... kontakizunari hamaika aukera irekitzen dizkioten pertsonaia interesgarriak dira denak.

Esfera politiko eta mediatikoaren funtzionamendua ere beti bezain zorrotz marraztu du Borgen-ek. Nagusien eta langileen arteko botere harremanak, kazetarien eguneroko gatazka etikoak, emakumeek aginte postuetara heltzean topatu ohi dituzten trabak... ildo narratibo horiek dira telesailaren indargune nagusiak, eta sortzaileek fintasunez eguneratu dituzte.

Mundu errealean bezala, sare sozialak komunikazio politikoan modu erabakigarrian eragiten hasi dira, eta telesailaren erdigunean kokatu. Eztabaida publikorako euskarriak eta kodeak goitik behera aldatu dira bederatzi urteotan, eta Borgen ahalegindu da iraultza horren ispilu izaten.

Zorionez, itzulera hau ez da nostalgia ariketa soil bat izan. Telesaileko sortzaileek une autentikoz josi dute gidoia, eta sekulako erraztasuna erakutsi dute eguneroko une arruntetan gizatasunez beteriko jokamolde unibertsalak islatzeko. Gainera, jatorrizko hiru denboraldiei tiraka, adimenez freskatu dute Borgen-en zaleek berehala identifikatzeko moduko elementu andana.

Pertsonaia ezagunak pantailan agertzerakoan, berehala datoz burura parlamentuko itun sekretuak, telebistako elkarrizketa arantzatsuak eta esfera pribatuko errusiar mendi emozionalak. Tamalez, tartean bada hutsune sonatu bat ere. Pillou Asbaek aktoreak ez du laugarren denboraldian parte hartu. Asbaekek Kasper Juul aholkulari politikoaren rola jokatu zuen Borgen-eko lehen hiru denboraldietan, eta telesaileko pertsonaia gogoangarrienetako bat bilakatu zen.

«Gizakia da desirak, elikatu ahala, areagotu egiten dituen animalia bakarra». Horixe dio itzulerako lehen ataleko sarrerako esaldiak. Henry George ekonomialari estatubatuarraren aipu bat da, Borgen definitu eta esanahiz betetzen duten urrezko aipu horietako bat. Askoz gehiago izan bitez.

'BORGEN'
Sortzailea: Adam Price.
Aktoreak: Sidse Babett Knudsen, Birgitte Hjort Sorensen, Lucas Lynggaard, Mikel Folsgaard, Soren Malling.
Herrialdea: Danimarka.
Urtea: 2022
Non ikusi: Netflix
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.