Gezurrek eta beldurrak pozoituta

'Litvinenko' telesailak fikzioan islatu du Alexandr Litvinenko espioi errusiarra pozoituta hil zuteneko garaia. Lau ataleko fikzioa da, Britainia Handikoa

LITVINENKO.
Mikel Yarza Artola.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Ni isiltzea lortuko duzu akaso, baina mundu zabaleko protesten ulua zure belarrietan islatuko da bizi osoan, Putin jauna». Ukrainarren azken hilabeteetako aldarri bat izan liteke, baina ez, espioi errusiar izandako Alexandr Litvinenkoren hitzak dira, hil aurreko gutunean idatziak. Behin KGBko kide, zerbitzu sekretu errusiarretik ihes egin eta Londresen asiloa lortu zuen, 2006an polonioz pozoituta akabatu zuten arte.

Hamazazpi urte geroago, ITV telebista kate britainiar pribatuak haren inguruko fikziozko telesail labur bat plazaratu du. Litvinenkoren rola David Tennant (Doctor Who, Broadchurch) aktore eskoziar entzutetsuak jokatu du, maisutasunez, eta azpimarratzekoa da arte departamentuak egin duen lana. Izan ere, errusiar disidentearen irudirik ikonikoena, ohe bati lotuta hilzorian erakusten duena, fideltasun handiz birsortu du.

Tennanten alboan ageri da pantailan Margarita Levieva (The Deuce, Blacklist), Litvinenkoren emazte gisa. Bera izan zen senarraren alde alor juridikoan gehien borrokatu zen pertsona. Levievaren parte hartzeak esanahi berezia du, aktore errusiarra baita, eta aitortu du Putinenganako beldurra sentitu zuela proiektu hau proposatu ziotenean.

Ikerketa oinarri

Pozoitzearen inguruko polizia ikerketa da telesailaren oinarri narratiboa. Hasieran, Litvinenkoren eta detektibeen arteko ospitaleko elkarrizketak dira gidoiaren zutabe nagusia eta, ostera, kasua argitzeko autoritate britainiarrek egindako lan zorrotza. Errusia eta gai kutsakor bat daude istorioaren erdigunean, eta telesailak elementu dramatiko horiek baliatu ditu aktualitatearekin loturak eraikitzeko.

Are gehiago, garai hartan ere Errusiako presidente zen Vladimir Putin hirutan seinalatzen du telesailak Litvinenkoren hilketaren arduradun gisa, eta, alde horretatik, esan liteke badagoela berariazko estrategia bat fikzio honen bitartez azken bi hamarkadetako Moskuko erregimena salatzeko.

Pandemiari dagokionez, paralelismoak agerikoak dira. Polonioa erradioaktiboa da, eta espioi errusiar horren hilketara arte, inor gutxik zekien nola hedatzen zen eta zeintzuk ziren hari aurre egiteko hartu beharreko prebentzio neurriak. Pantailan ageri dira krisi kabineteak, komunikabideak eta herritar aztoratuak ere, azken hiru urteetan ezin ezagunago bilakatu diren irudiak. «Martxa honetan, beldurra pozoia baino are azkarrago hedatuko da», dio pertsonaia batek lehen atalean. Orain ere, fikzioak topatu du bidea pil-pilean dauden errealitateko gaiak jorratzeko.

Telesaila ausartu da erakunde publikoen porrota kritikatzera. Litvinenkok Erresuma Batuko herritartasuna eskuratuta ere, segurtasun indarrak ez ziren gai izan hura babesteko, ezta haren alde justizia egiteko ere. Espioi errusiarra pantailatik desagertuta, istorioaren sugarra ere pixkanaka itzaltzen hasiko da. Azken txanpan, Litvinenko prozedura estiloko polizia kontakizun soil bat besterik ez da, boterearen esfera gorenetatik eta gerra hotz iraunkorrari buruzko gogoetatik urrun. Hala ere, pozoia dastatzeko modukoa da.

'LITVINENKO'
Sortzailea: George Kay, Jim Field Smith.
Aktoreak: David Tennant, Daniel Ryan, Barry Sloane, Richard Pepper, Sarah Naudi.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Movistar Plus, M6.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.