Telesailak

Ur lehorraren azpijokoa

HBOren katalogora heldu da 'Auga Seca' telesaila, galizierazko lehena

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
2009an ekarri zuen aurrekoa TVG Galiziako telebista kate publikoak. Urte hartako Matalobos telesailak jorratu zuen lehenengoz lurraldeko narkotrafikoaren inguruko istorio bat. Ostera heldu dira ildo bereko beste hainbat proiektu, Madrilgo ekoiztetxeen eskutik. Tartean Fariña, Vivir sin permiso eta Quien a hierro mata. Bada, kostako agertoki horietan, drogak alboratu eta armei erreparatu die Auga Seca telesail mugakideak.

Zortzi ataleko kontakizuna TVGren eta RTP Portugalgo telebista kate publikoaren arteko koprodukzio bat da. Ozeano Atlantikoak bateraturiko Vigo eta Lisboa artean girotu dute telesaila, eta emakume gazte bat da protagonista. Vigoko portuan anaia hilik agertu dela jakin eta berehala, ezkutuan hasiko da ikertzen, poliziei aurrea hartu eta arma trafikoari loturiko enpresa baten sekretupeko jarduna argitu nahian. Fikzioan, Galdon familia da izen bereko erakundearen jabe, eta abizen horrek badu loturarik errealitatearekin. Izan ere, Espainian ezaguna da Eugenio Galdon enpresaria, hainbat komunikazio talderen gidari ez ezik, Adolfo Suarezen gobernuko kabineteko burua izan zelako 1980ko hamarkada hasieran.

Alfonso Blancok eta Pepe Coirak sortu dute Auga Seca, joan den urtean Hierro telesail entzutetsua gidatu zuten biek. Movistar Plus plataformak plazaratu zuen lan hori, Espainian autorezko telesailen aldeko apustua egin duen plataformak. Bestelakoa da TVG eta RTP kate publikoen helburua, eta hori nabari da telesailean; izan ere, oso konbentzionalak dira kontakizunaren eszenaratzea eta narrazio estiloa.

Galizia eta Portugal, bien arteko mugaldeko nortasunak etengabeko presentzia du telesailean: bi lurralde, bi hizkuntza, bi polizia erakunde eta bi egitura kriminal erakusten ditu. Blancok eta Coirak, ordea, joko bikoitz horrek eskaintzen dituen aukera dramatikoak xahutu dituzte, arreta nagusiki familia aferetan jarrita.

Sortzaileak ahalegindu dira istorioa korapilatzen, baina thrillerra izaki, Auga Seca ausardia txikiko telesaila da. Gidoiak ez du ia efektu kolperik eta ezusteko apurrak oso apalak dira, narratiboki zein formalki. Amaierara gerturatu ahala hartzen du telesailak indar handien, eta denboraldi osoan lortu gabeko tentsioa igartzen zaio azken atalari.

Auga Seca da HBOk bere katalogoan sartu duen galizierazko lehen telesaila, eta horrek aparteko aipamena merezi du, bai eta Euskal Herrira begira ere bai. Izan ere, denbora tarte laburrean egin dute bat ETAren inguruko bi telesailek, Movistar Plusek plazaraturiko La Línea Invisible eta HBOk laster estreinatuko duen Patria; hori, gainera, Europako HBOk Espainian ekoitzi duen lehen telesaila da.

Tokian tokiko gertakizunak kontatzen dituzte hirurek, baina, tamalez, ezberdintasun adierazgarri batek bereizten ditu. Auga Seca-n ez dugu gaztelaniazko elkarrizketa bakar bat ere entzuten,galiziera eta portugesa dira nagusi. La Línea Invisible eta Patria telesailetan, berriz, euskarak ez du ia presentziarik. Aurrerapen artistikoekin konformatu beharko, hizkuntzari loturikoak heldu bitartean.

'AUGA SECA'
Sortzaileak: Alfonso Blanco, Pepe Coira.
Aktoreak: Victoria Guerra, Monti Castiñeiras, Sergio Pazos, Eva Fernandez, Santi Romay.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.