Telesailak

Otsoen mundu apokaliptikoa

Ridley Scott telesail baterako zuzendari lanetan aritu da estreinakoz, zientzia fikziozko 'Raised by Wolves' proiektuan

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Ez dugu sekula aurrera egingo fantasian kontsolamendua bilatzeko desioa kontrolatzen ez duzun bitartean». Androide baten eta haur baten arteko elkarrizketa da; lehenak bigarrena heztea du helburu, basamortu tankerako planeta misteriotsu batean, Ridley Scott zuzendari mitikoaren lehen telesailean. Raised by Wolves plazaratu du Scottek: pantaila txikirako osatu duen estreinako lana da, eta istorioak lotura zuzena du haren ibilbideko zientzia fikziozko egitasmoekin.

Zinemagile entzutetsua telebistarako hainbat proiektutan aritu izan da iraganean ekoizle gisa, baina orain kameraren atzeko ardura nagusia bere gain hartu eta lehenengoz zuzendu ditu telesaileko bi atal. Hala ere,bera ez da hamar zatiko proiektu honen arduradun nagusia, Aaron Guzikowski gidoigile estatubatuarra baizik. Denis Villeneuven Prisoners filma idatzi zuen Guzikowskik, eta horrek paralelismo interesgarriak ezar ditzake hiru sortzaileen artean. Izan ere, Villeneuvek Scotten Blade Runner klasikoa eguneratu zuen 2017an.

Kasu honetan, Ridley Scottek segida eman die bere zutabe kontzeptualei. Ateismoa, teknokrazia, bizitzaren sorrera, zientziaren eta erlijioaren arteko talka... Askotariko gaiak jorratu eta bere ikuskerarik makurrenak irauli ditu telesail honetan. Horren ondorio dira estetika idorra eta girotze hotza, baita Scotten ohiko kolaboratzaile den Marc Streitenfeld konpositore alemaniarraren soinu banda itogarria ere. Zuzendari ingelesak zinemaz zipriztindu du irudi bakoitza; planoen konposizioan eta iraupenean igar daiteke hori, baita muntaketan ere. Oro har, ekoizpen ikusgarria eta erraldoia da, maisutasunez zainduriko lana.

Baina, abiapuntu boteretsuaren ostean, bada ibilbide gorabeheratsu bat ere. Autorezko joerei ez ezik, telesailak atea ireki die pasarte konbentzionalagoei ere. Off-eko ahotsaren ondotik murgildu da urmael narratiboetan, hitzek irudiak itotzen dituzten pasarteetan. Hein batean, bi emari horien artean nabigatzera kondenaturik dago telesaila, berezko duen nortasun zatikatua dela eta.

Sortzaileek joskintza lanei eskaini beharko liekete arreta berezia. Telesailaren unibertsoa osatzen duten pieza ezberdinak harilkatzeko garaian azaleratzen dira haren ahuleziarik adierazgarrienak. Guzikowskik eta Scottek diseinaturiko mundu honetako protagonistak, terminoak, kodeak eta zeharkako istorioak nahasgarri bihur litezke ikuslearentzat, gidariek ez dietelako nahikoa informaziorik eman oinarrizko xehetasun horiek mastekatzeko.

Baliteke Raised by Wolves telesailak iparra galtzea Ridley Scott kameraren atzeko gidaritzatik desagertzean, baina lehen txanpan behintzat zirraragarria da, haren esku hartze artistikoari esker. «Gauzak lehen ziren modukoak izatea nahiko nuke», esaten dio androide batek besteari eszena seinalatu batean. Askotariko irakurketak egin litezke esaldi horren inguruan: gizateriaren patuaz ari al dira? Zientzia fikzioaz? Scotten ibilbideaz? Ala nostalgiaz, besterik ez? Otsoen auhenaren tamainakoa izan bedi gogoeten oihartzuna.

'RAISED BY WOLVES'
Sortzaileak: Aaron Guzikowski, Ridley Scott.
Aktoreak: Amanda Collin, Abubakar Salim, Travis Fimmel, Niamh Algar, Winta McGrath.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: TNT.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.