Telesailak

Izarren distira hauts bihurtuta

Amazonek Hollywoodeko aktore entzutetsuak elkartu ditu 'Solos' telesailean. Eskema errepikakorrak erabilita, berehala agortu da zazpi atal laburren formula

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Helen Mirren, Morgan Freeman, Anne Hathaway... Aktore zerrenda irakurtzen hasi, eta berehalakoa da Amazonen proiektu berriarekiko ikusmina. Nazi ehiztarien inguruko Hunters telesailarekin egin zen ezagun David Weil sortzaile estatubatuarra, eta bere nobedadea da Solos. Izenak zerikusi zuzena du ikusleek pantailan topatuko dutenarekin.

Hollywoodeko izarrak beren kabuz ageri dira, bakartuta eta bakarrizketan, bizitzako gai garrantzitsuen inguruan. Protagonisten ahotan entzun daitezke familia, zahartzaroa, zaintza, heriotza, teknologia eta izurriteen inguruko gogoetak. Telesailak pandemia garaian lehen lerrora heldu diren eztabaida gaien inguruko fikziozko disertazio bat dirudi; izan ere, hitzen bidezko azalpenak dira une oro jaun eta jabe. Diskurtsoan horrenbeste oinarritzen den lan bat izaki, harritzekoa da zuzendariek alor formalari zuku gehiago atera ez izana, aktoreen keinuak, begiradak eta sentipenak pantailan indartzeko. Ikusleak pentsa lezake telebista saio konbentzional bateko elkarrizketa baten lekuko izaten ari dela.

Tematikoki, egungo munduari zuzen-zuzenean loturiko obra bat da Solos, eta horren erakusle dira pertsonaiek beren hitzaldietan aipaturiko Zoom plataforma, Mark Ruffalo aktorea eta koronabirusa. Ordu erdi irauten duten zazpi atal indibidualekin osatu dute proiektua, eta protagonistak kokaleku ezberdinetan ezarri dituzte: etxebizitza, lantokia, itsasertza, espazio-ontziak... horiek dira, besteak beste, beren sentipenik intimoenak adierazteko guneak. Atal labur horiek aktoreen luzimendurako gozoki dira, baita ikusleentzat ere. Baina hasieran formatu fresko eta erakargarri zirudien hori berehala agortuko da, eta errepikakor bilakatuko.

«Nor zara, nor zaren oroitu ezin baduzu?», tankera horretako esaldi existentzialak baliatuz ahalegindu da telesaila giza kondizioaz gogoeta egiten. Tartean badira salbuespenezko pare bat atal, kontakizun entretenigarri eta dinamiko baten aldeko apustua egiten dutenak. Tamalez, horixe dira: salbuespena. Gabezia narratiboak nonahi topa litezke, ia atal guztiak dira izugarri dramatikoak, komediak ez du apenas tarterik, eta giro honetan zaila da ikusleak konbentzitzea telesaila amaierara arte ikus dezaten.

David Weil sortzailearen porrota agerikoa da: argazki orokorrari erreparatu ordez, gehiegi tematu da puzzlearen pieza bakoitza fintzen, eta, azkenerako, altxor preziatuak esku artetik ihes egin dio. Ikusle andanak galdetuko dio bere buruari ea zer moduzko telesaila izango ote litzatekeen atal indibidualetan agerturiko Hollywoodeko izarrak istorio berean elkartuta ikusiko balitu.

Proiektua COVID-19aren neurri murriztaileen ondorioz sortu zen, eta marka da lehen mailako aktore horiek guztiek baiezkoa eman izana parte hartzeari. Baina bakoitzak ozeanoa bere txalupan zeharkatu ordez ontzi berean nabigatu izan balu, suziriak jaurtitzen egongo ginateke dagoeneko. Edo ez, altxorra topatu arren harekin zer egin jakitea delako garrantzitsuena.

'SOLOS'
Sortzaileak: David Weil.
Aktoreak: Helen Mirren, Morgan Freeman, Anne Hathaway, Uzo Aduba, Constance Wu.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.