Telesailak

Marjinatuei gorazarre, konplexurik gabe

HBOk 'Somebody Somewhere' komedia estreinatu du, gizarteak bazterturikoen eta amets amerikarraren inguruko gogoeta bat

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Sam Manhattanen bizi da. Baina ez New Yorkeko barruti ezagunean, Kansas estatuko izen bereko hirian baizik. Amerikar peto-petoa dirudien arren, korrontearen aurka doa. Igerilekura joan ohi da, eta beste emakumeen izter lirainei begira igarotzen du denbora, bere loditasunak kezkatuta. Kantari aparta da, baina lotsa ematen dio taula gainera igo eta klasekide ohien aurrean abesteak. Etxean ez du aparteko maitasunik jaso, eta duela gutxi heldu zaio kolpe gogorra: arrebaren heriotza.

Horixe da Somebody Somewhere telesailaren abiapuntua. Zazpi atal ditu, HBOk estreinatu berri du, eta komedia bat da. Izan ere, zorigaitzak hamaika izanda ere, istorio horretako zuzendariek umorearen aldeko apustu irmoa egin dute. Protagonista nagusia eguneroko zereginetan porrot egiten irudikatu dute: erosketa lurrera erori, autoko atea ezin ireki... telesailak barre egin die baldarkeriari eta une deserosei. Publikoak ere ederki gozatuko du pantailako aldrebeskeriei begira.

Komedia hori, ordea, oso dramatikoagoa da. Protagonista nor den jakin gabe, ikusleek negar zotinka topatuko dute, lehen ataleko lehen minutuan. Hura kontsolatzera hurbilduko da, itxura guztien arabera, marjinatua izan den beste pertsona bat. Berehala sortuko da elkarren arteko kimika: auto barruan dibertituko dira, libururik xelebreena irakurtzen, etasupermerkatu huts batean antolaturiko karaoke elizkoian babestuko dira.

Zokoratuen gordinari muzinik egin gabe, telesailaren helburuetako bat da marjinatuei gorazarre egitea, sistemak bazterrean utzi dituen pertsona horiek goraipatzea. Eta, horretarako, ezin hobea izan da aktore protagonistaren aukeraketa. Bridget Everett komediagile eta abeslaria da Samen rola antzeztu duena. Everett probokatzaile gisa egin zen ezagun AEBetan, eta umore garratza baliatu izan du bere ibilbide artistikoan, ezarritako gizarte kodeak zalantzan jartzeko. Musikari modura, 2013an argitaratu zuen Pound It estreinako diskoa, eta ez dago lan horretako lehen abestiaren errepika irakurtzea bezalakorik: «Zer egin behar dut zakil hori nire ahoan jartzeko?».

Telesailean ere Everettek badu musikarako tarterik, eta, kasu horretan, irabazleei eta galtzaileei kantatzen die, aspaldidanik ezbaian dagoen amerikar ametsari. Bertan norbera izatea zeinen zaila den azpimarratu dute zuzendariek, telesailaren izenburuari erreferentzia eginez. Bi ildo narratibo ditu kontakizunak: batetik, gizarteko talde eta joera nagusietatik at lerratzen diren pertsonek jasaten duten mespretxua; eta, bestetik, pertsona horiek askatasun osoz loratzeko izan ohi dituzten komeriak. Baina mezua itxaropenezkoa da: zailtasun ororen gainetik, posible da aurrera egitea, eta umorea funtsezko osagaia da horretarako.

Kezkek, porrotek, ospakizunek... bene-benetakoak dirudite fikziozko istorio honetan, eta hori da, ziur aski, Somebody Somewhere telesailaren lorpen nagusia. Bazterreko emakume lodi eta baldar bat munduko milioika ikusleren aurrean jarri eta haren bizipenak gure sentitzea. Behingoagatik, aurreiritziak eta konplexuak alboratzea.

'SOMEBODY SOMEWHERE'
Sortzailea: Hannah Boss, Paul Thureen.
Aktoreak: Bridgett Everett, Jeff Hiller, Mary Catherine Garrison, Danny McCarthy, Mike Hagerty.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.