Telesailak

(Segurtasun) kameren biktima

Apple TV Plusek Erresuma Batuko 'Suspicion' estreinatu du, zortzi ataleko thrillerra. Uma Thurman aktore ezaguna da protagonistetako bat; Noah Emmerich aktoreak ere parte hartzen du Rob Williamsen telesailean

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Hotel bateko korridorea. Nerabe bat bere logelako atea irekitzen ari da. Bat-batean, lau pertsona maskaradunek inguratu dute, Erresuma Batuko errege familiako kideen maskarak daramatzate soinean. Nerabea kolpatu, konorterik gabe utzi, eta bidaia maleta batean sartu dute. Hoteleko kamerek bahiketa erregistratu dute, eta bideoa berehala zabaldu da sare sozialetan.

Tentsio gorena da nagusi Suspicion telesailaren lehen uneetan, eta ikusleentzat aperitibo aparta da; izan ere, thriller sendo baten atarian daude, generoko kode guztiak menperatzen dituen proposamen klasiko baten aurrean. Hoteletik nazioarteko puntu seinalatuetara igarotzen da istorioa. Londres, Oxford, Belfast, New York... polizia operazio bat abiatu dute hiri horietan, ustezko bahitzaileak atxilotzeko. Eta, berriz ere, kamerak zelatan. Helikopteroetan, taxietan, bankuko kutxazainetan... toki horietan guztietan daude kamerak eta protagonisten urrats bakoitza erregistratzeaz arduratzen dira. Zuzendariek gizarte kontrolaren sentipen hori indartu nahi izan dute, ezkutuko filmaketa kutsua duten irudien bidez.

Txanponaren beste aldean Uma Thurman aktore entzutetsuaren pertsonaia. Thurman ezagun egin zen Quentin Tarantinoren Pulp Fiction eta Kill Bill klasiko garaikideetan eta, kasu honetan, hedabideen magnate estatubatuar baten rola jokatu du. Haren semea da hotelean bahitu dutena, eta magnatea poliziarekin ezkutuko itunak antolatzen ari da, gertakari horrek ahalik eta gutxiena zipriztindu dezan, pertsonalki zein profesionalki. Polizia taldeko buru, pantaila txikiko beste aurpegi ezagunetako bat: Noah Emmerich (The Americans, The Walking Dead). Telesaila krisi betean abiatzen da, haren taupada biziak neurtzen ditu musika itogarriak, baina ikusleak ez daki zehatz-mehatz zer gertatzen ari den, eta hori da, hain justu, kontakizuna erakargarri egiten duena.

Irudien segida bizkorrak iradoki dezake lehen atalean gauza mordoa gertatzen ari dela, kasik Steven Soderberghen Ocean's trilogia ezagunean bezala. Baina, egiazki, gidoiak ez du ia garapen narratiborik, forma da istorioaren gidari, eta hori lorpen esanguratsu bat da. Hautu horrek, ordea, badu arriskurik. Azelerazio biziaren ostean, telesailak balazta sakatzen du bigarren atalean, eta, aukeran, indar handiegiz. Une horretatik aurrera, polizia miaketak eta galdeketak nagusituko dira telesailean, pertsonaia susmagarrien pentsamoldea aletzea izango da kontakizunaren helburua, baina, behin thrillerra alboratuta, maldan behera amilduko da. Goizegi adierazi ditu lehen ahulezia zantzuak, eta horrek ikusle andana uxa litzake.

Suspicion telesailaren izenburuak dioen moduan, susmoa da haren kontzeptu nagusia. Ustezko bahitzaileak pertsona arruntak dira, ez kriminal profesionalak eta normaltasun horren atzean zer ezkutatuko, misterio hori argitzean datza sortzaileek proposatzen duten jokoak. Telesailak kontrol sistema berrien arriskuez ere hitz egiten du; izan ere, azken urteetan mundu zabaleko gobernuek eta enpresa pribatuek aurpegiaren bidezko identifikazio metodoak areagotu dituzte. Nor ote segurtasunaren biktima erreala?

'SUSPICION'
Sortzailea: Rob Williams.
Aktoreak: Uma Thurman, Noah Emmerich, Georgina Campbell, Kunal Nayyar, Elizabeth Henstridge.
Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2022.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.