Addams familiako alabaren zorigaitz berriak

Tim Burtonek 'Wednesday' telesaila zuzendu du Netflixen. Beldurrezko generoan existitzen den familiarik ikonikoeneko kide gazteena da protagonista

VLAD CIOPLEA / NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez da txantxa: Addams familiak laster ehun urte beteko ditu. Lau senideek 1938an egin zuten historiako euren lehen agerraldia, Charles Addamsek The New Yorker aldizkarirako ondutako komiki zintetan. Pertsonaiak 1964an egin ziren ezagun mundu zabalean, izua eta komedia beltza uztartzen zituen sitcom estiloko telesailari esker, eta, gerora, hamaika film, musikal, bideojoko eta liburu egin dituzte.

Tim Burtonek 2010ean egin zuen sendi ezagunaren bizitza bere estilora egokitzeko lehen ahalegina, stop motion animaziozko film batean. Proiektuak porrot egin zuen, eta horren zeharkako fruitu da hamabi urte geroago plazaratu berri duen lana. Wednesday zortzi ataleko telesail bat da, Burtonek zuzendari gisa telebistarako egindako lehena, eta Addams familiako neskatoa protagonista duen istorioa.

Morticia, Gomez, Pugsley... haiengandik guztiengandik urrun, Wednesday Addamsek bere bide propioari ekingo dio Nevermore akademian. Baztertu, friki eta munstrotzat jotzen dituzten horientzako eskola paregabea da Nevermore, eta Addams unibertsoaren zaleek bertan topatuko dute lehen sorpresa, Christina Ricci aktore omenduaren bitartez. Berak gorpuztu zuen publiko orokorraren oroimenean gehien iltzaturiko Wednesday, The Addams Family (1991) eta Addams Family Values (1993) filmetan. Nevermore akademiako irakasle baten rola jokatu du orain. Tunikak, korridoreak, ikasleen txapelketak... istorioko elementuek Harry Potter saga eta Hogwarts magia ikastetxea ekar ditzakete gogora, eta sortzaileek belaunaldi gazteak erakartzeko erabilitako estrategia gisa uler liteke. Baina Wednesday ilunagoa da.

Edgar Allan Poeren presentziatik hasi, eta neskato protagonistak psikologoaren kontsultara egiten dituen joan-etorrietaraino, unibertso malenkoniatsu bat marraztu du Burtonek. Giro hori sortzen aparteko ekarpena egin du, beste behin ere, Danny Elfmanen soinu bandak. Burtonekin elkarlanean osatu duen hemezortzigarrena da hau, eta. inertziak hautsiz, hainbat musika pieza ezagun moldatzera ausartu da. Tartean daude Chavela Vargasen La Llorona, The Rolling Stonesen Paint It Black, Metallicaren Nothing Else Matters eta Bobby McFerrinen Don't Worry Be Happy.

Ikus-entzunezko argudio sendo horiekin, Burtonek Wednesdayren arima zauritua biluzi du. Familiako iraganaren zama, mendekurako sena, bakardadearen beldurra... ikusleek inoiz baino gertuago sentituko dute neska oinazetua. Horren erantzule da 20 urteko aktore gazte bat, protagonista izateko erronkari trebeziaz erantzun dion Jenna Ortega. Denbora laburrean, jatorri mexikarreko izar gazteak onarpen zabala eskuratu du generoaren zaleen artean. Izan ere, aurten Scream, X eta American Carnage film laudatuetako protagonista izan da.

Telesaila eraberritzeko ahaleginean, Burtonek narrazioan txertatu ditu AEBetako historiaren eta sorgin ehizaren inguruko hainbat gogoeta, baita tentsioa arintzeko eta barrez lehertzeko moduko pasarte irudimentsuak ere. Baina, beste edozeren gainetik, Wednesday leiho zirraragarri bat da, errealitateko izugarrikeriak atzean utzi eta fantasia ilunen unibertsoan murgiltzeko sarbidea.

'WEDNESDAY'
Sortzailea: Tim Burton, Alfred Gough,Miles Millar.
Aktoreak: Jenna Ortega, GwendolineChristie, Riki Lindhome, CatherineZeta-Jones, Luis Guzman.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix. Euskarazko azpidatziekin ikus daiteke.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Fantasiazkoa. Izua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.