Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Txakolin partzelarioak

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Denboraldiko azken artikulua. Urtean zehar hainbat tokitako ardoei buruz aritu gara, sarritan oso ardo bereziak eta bakanak.

Gaur zerbait berezia ekarri nahi nizuen hona; berezia eta hemengoa, gurea. Bizkaiko txakolina da gaurkoa, eta, Bizkaiko txakolina aipatuz, ezinbestekoa da Itsasmendi aipatzea.

Itsasmendi upategia 1994. urtean jaio zen Muskizen, nahiz eta gaur egun Gernikan duen upategia, eta mahastiak Bizkaiko hainbat tokitan.

Lehen uztaldia, baina, urtebete geroago iritsi zen, 1995an. Harrezkero, gauza asko gertatu dira, bai upategiko ardoekin zein Bizakaiko txakolinaren inguruan.

Hasierako pauso haiek aspaldikoak dira, baina orduko helburuak mantentzen dira: ardo bereziak, bikainak egitea; eta mahastiak lurrari begira jartzea ardook egiterakoan.

Itsasmendi zen lehen urteetan egiten zuten ardoa, zortzi urtean, hain zuzen ere. Itsasmendi 7 izan zen 2003an merkatuan jarri zuten ardoa, eta txakolin iraultzailea izan zela esango nuke. Artizar 2010 izan zen gero gozatzera eman zigutena, eta Eklipse 2011 beltza, pinot noir mahatsez egina. Beste iraultza bat.

Eta gaur ezagutzera eman nahi dizuedan Itsasmendi 7 Parcelario 2016. Baina ez dago partzelario bakar bat, hainbat baizik: 7.1, 7.2, 7.3... partzelaren arabera. Ardo horien oinarria Itsasmendi 7 da, haren bilakaera, esango nuke.

2003tik 2008ra Itsasmendi 7 partzela bakar bateko mahatsez egiten zen, eta mahatsaren % 20 riesling mahatsez egiten zen. 2009tik aurrera, hainbat partzelatako mahatsak erabiliz egiten da ardoa, coupage edo nahastea antzeko proportzioetan mantenduz.

Partzela bakoitza bere aldetik ardoztatzen da, eta gero azken nahasketa egiten da, eta bost-zortzi arteko partzeletako mahatsak erabiltzen dira.

2016an, uztaldi bakoitzean, urtearen arabera, izaera propioa eta nortasuna erakusten zuten partzelak aukeratu, eta bakoitzetik 300-1.000 botila egitea erabaki zuten. 2016a izan zen lehen uztaldia, eta, urte hartan, 7.1, 7.2 eta 7.6 egitea erabaki zuten. Puntuaren osteko zenbakiak partzela adierazten du. 1 Leioa da, 2 Mungia, 4 Bakio, 6 Morga, 7 Gernika eta 8 Lemoiz.

2016an, 7.1 Leioako Aldapa partzelako mahatsak erabiliz, hondarribi zuri zerratiez egindako 1.000 botila, 7.2 Mungiako Arusinalde partzelako hondarribi zuriz eginiko 562 botila, eta 7.6 Morgako hondarribi zuriz egindako 300 botila.? Nolakoa izan zen 2016ko uztaldia? 2014 eta 2015arekin alderatzen baditugu, tarteko bat dela esan daiteke, 2014 mediterranear profila izan zen urtea dela esan dezakegu, eta 2015, berriz, profil atlantikoa zuena, inongo zalantzarik gabe.?

Mahats bilketa oso lasaia izan zen, iraila oso lehorra eta tenperaturak tartekoak izan zirelako. Mahastiak heldutasunaren araberako hiru astetan sailkatzen dira.

Lehen astekoek egitura eta heldutasuna dituzte. Bigarren astekoek, konplexutasuna, eta hirugarren astekoek azidotasun nabarmenagoa erakusten dute.

Parcelario 7.1 lehen esandako Leioako Aldapa partzelako mahatsekin egindakoa da, urriaren 3an bildutakoak. 1996an landatutako mahatsondoak, %33ko pendizean hegoaldera landatutakoak; Bizkaiko golkoak, gainera, mikroklima ahalbidetzen du. Ardo serioagoa da7.2a baino. Oraindik ere erredukzio ukituak ditu, eta ligen presentzia oso nabarmena da; nire ustez, botilak mesede egingo dio. Ahoan borobila da, eta ukitu mineral dotorea erakusten du.

Parcelario 7.2-k Atxuri deituriko Mungiako partzela batean du jatorria, 2012an landatutako 6,5 hektareako mahastian, hain zuzen. Hori ere hegora begira, eta pendiza %16koa da. Mahats bilketa urriaren 12an izan zen. Oso freskoa da. Urtearen heldutasuna nabaria da, baina daukan azidotasun bikainak berehala ematen dio abiadura. Koipetsua da, baina freskoa, eta lore ukitua du; fruta zuriarekin batera, seriotasun puntua ematen dio. Amaieran, hondarribi zuriaren ukitu mingotsa agertzen du. Gaztea da, baina erabat gozagarria. Parcelario7.6 dastatzeko aukerarik ez dut izan oraindik. Itsasmendi Parcelario 7.1, 7.2... ardo bikainak dira. Opor ederrak igaro, eta bueltara arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.