Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

TAMARA ARRANZ.
Mikel Yarza Artola.
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ā«Edozein graduatu inozok ikas dezake gidatzen astebeteanĀ». Unibertsitatean Erdi Aroko espainiar literatura irakasten duen gizonezko protagonistaren esaldia da, Borja Cobeagaren No me gusta conducir (Ez zait gustatzen gidatzea) telesail berrian. Komediagile donostiarrak proiektua sortu, haren sei atalak zuzendu eta lehen biak idatzi ditu. 2017ko Fe de etarras filmetik, gidoigile gisa egin duen lehen lana da.

Cobeagaren gidaritzapean, trebe, Juan Diego Botto aktorea, 40 urterekin gidabaimena ateratzeko ahaleginak eta bi egiten dituen pertsonaia hotz, eszeptiko eta ozpinduaren rolean. Gizona konplexuz beteta dago, eta munduarekin haserre; izan ere, autoeskolara sartu orduko, egunerokoan duen rola aldatu beharko du, halabeharrez.

Unibertsitateko irakaslea esaneko ikasle baldar eta ezjakin bihurtuko da gidabaimena eskuratzeko prozesuan. Alboan, ikaskide izango du haren literatura eskoletan adi-adi egoten den neska gazte bat. Umorezko saio arin askotan jorratu izan dira irakasle eta ikasleen arteko erromantzeak, baina, lan honetan, Cobeagak izkin egin dio konbentzio dramatiko horri, telesailaren onerako.

Asmo handirik gabeko komedia apal bat da, erraz ulertzeko modukoa, eta pertsonaia gutxikoa. Bada, txikitasun horri zuku guztia atera dio sortzaile gipuzkoarrak, eta abilezia handiz aritu da alor formalean. Plano bakoitza esanahiz bete du, garraioaren unibertsoko sinbologia baliatuta. Ibilgailuak, errepideak, seinaleak, zubiak, TAO makinak... telesaila aberasten duten elementuak dira horiek guztiak. Baita, gidabaimenik ez duenez, protagonistak oinez eta autobusez egiten dituen bideak ere.

Bide horietan, hain justu, badira hainbat eszena gogoangarri. Azterketa egunean ozta-ozta saihestutako istripua, aldapan gora autoa abiarazi ezinik ibili behar izatea, esku frenoaren trikimailua... Cobeagaren istorio berria unibertsala da, eta ikusle orok identifikatuko du bere burua edo gertuko norbait telesaileko pasadizo xelebreetan.

Kontakizunak badu pasarte dramatikorik ere: esaterako, aitaren auto zaharra hondatu eta protagonistak txatartegira eramaten duen eszena, dolu kutsuz zipriztindua. Bikotekide ohiarekin duen harremana ere mamitsua da; Javier Camara aktorearen agerpen bereziak, berriz, tragikomedia kutsua du. Literatur eruditu baten rolean agerpen berezia egin eta akademiako irakasle protagonistari nerabeak nola hezi esaten dionekoa pasartea.

Dena den, funtsean, telesaila komedia jostari bat da. Atal bakoitzak ordu erdi baino gutxiagoirauten du, eta Cobeagak balazta indarrez zapaldu du, istorioa helmuga desiratura heldu dadin, semaforoa gorri jarri baino lehen. Errepideari lotutako hamaika klixe, gidabaimena kosta ahala kosta eskuratzeko Cuencara egindako bidaia aldrebesa... eta autoeskolen inguruko ikuspuntu kontrajarriak dituzten bi anaia. David Lorente eta Carlos Areces aktore beteranoak dira telesail honetako benetako izarrak, bolantea nola gobernatu pasioz irakasteaz gain, ikuslea modu paregabean entretenituko dutelako.

'NO ME GUSTA CONDUCIR'
Sortzailea: Borja Cobeaga.
Aktoreak: Juan Diego Botto, Lucia Caraballo, David Lorente, Leonor Watling, Carlos Areces.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2022.
Non ikusi: TNT.
Atal bakoitzaren iraupena: 25 minutu.
Generoa: Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.