Koronabirusa

OCDEren arabera, suspertzeak luze joko du

Irune Lasa.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Baikortasunerako tarte txikia eman du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Herrialde industrializatuenak eta aberatsenak biltzen dituen talde horren arabera, askok uste baino gehiago luzatuko da pandemiaren osteko suspertze ekonomikoa. Ziurrenez, hasieran izango da susperraldi bizkor bat, baina motz geratuko da 2020. urtearen hasierako estandarretara itzultzeko.

Laurence Boone OCDEko ekonomista burua gordin agertu da: «Jende gehienak V formako suspertze bat datorrela ikusten du, baina guk uste dugu bide erdian eten egingo dela. 2021. urtearen amaierarako, sarreren galeretan gainditu egingo da bake garaietako edozein atzeraldi, eta ondorio luze eta latzak ekarriko ditu jendearentzat, enpresentzat eta gobernuentzat».

Ekonomia globala 2020ko lehen erdian %12 uzkurtu daitekeela uste du OCDEk; %6 urte amaierarako. Era berean, uste du 2021aren bukaerarako ekonomia oraindik ez dela itzuliko 2020aren hasierako datuetara, hazkundea %5,2koa bailitzateke.

Pandemia jada igaro bada, Frantziari iragarri dio OCDEk atzeraldirik handiena (-%11,4), eta maila bertsuan leudeke Italia (-%11,3) eta Espainia (-%11,1). Alemaniako ekonomia %6,6 txikituko litzateke, eta AEBetakoa, %7,3.

Egoera are okerragoa izango da COVID-19aren beste olatu bat etorriz gero udazkenean. Hori gertatuko balitz, urte hau %10eko atzeraldiarekin itxiko luke munduko ekonomiak. Espainiak izango luke orduan erorialdirik handiena BPGan (-%14,4), eta zerrendan jarraian lituzke Frantzia (-%14,1) eta Italia (-%14). Alemaniako ekonomia %8,8 murriztuko litzateke.

Horiek horrela, Booneren ustez, «ez genuke finantza krisiko hutsegitea errepikatu behar; alegia, zerga politikaren sostengua oso goiz erretiratzea».

Haren arabera, ekonomiaren panorama argiagoa denean, «begiratu bat eman beharko zaio pilatutako zorrari, eta batez ere zergen eta laguntzen sistemari, krisi honekin sakontzen ari baitira jendearen arteko desberdintasunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.