Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gora gu ta gutarrak?

2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ongizatearen Estatua aztertzen duten aditu askoren ustetan, gizarte aniztasuna gizarte politika indartsuak eta zabalak aurrera eramateko oztopo bihurtu da. Ikuspegi horren arabera, ongizateari loturiko politikek babes zabala jaso izan dute hiritarren aldetik gizartea bera homogeneoa edo berdintsua izan denean. Jatorri, ohitura, hizkuntza, lanbide, sexu-orientazio edo sinesmen aniztasuna zabaldu denean, ordea, zailagoa omen da aberastasuna birbanatzeko politikak aurrera eramatea. Gutarrak ez direnen taldea handitzen den neurrian, Ongizate Estatua mantentzeko zailtasunak areagotzen dira.

Tesi hau ez bada osotasunean frogatu, argi dago gero eta ugariagoak direla ongizatearen txaubinismoa delako horren aldeko alderdiak, eta hiritar asko dira munduan zehar ongizatearen estatuaren zerbitzu eta laguntzak bertakoei, gutarrei, mugatzearen alde azaltzen direnak. Immigrazioak ez baditu orokorrean gizarte politiken aurkako jarrerak indartu, diote adituek, gizarte politika horiek bertakoei mugatzeko nahia areagotu omen du. Frantziako Fronte Nazionala edo Espainiako Vox alderdia ongizatearen txaubinismo horren adibide argiak dira.

Badirudi, ordea, Euskal Herriko lurraldeetan hegoaldekoetan behintzat ez dela horrelako mugimendurik izan, edo oso mugatuak izan direla behintzat. Zentzu horretan, pentsa daiteke Euskal Herria nahiko kasu bitxia dela, alderdi abertzaleak nortasun nazional propio baten alde borrokatu diren bitartean, ongizate eredu zabal baten alde egin baitute, kanpokoei beste herrialdeetan, baina muga gutxiago ezarriz. Luis Sanzo ikerlariak argitaratu berri duen artikulu batean argi azaltzen da zein neurritan EAJk diru-sarrerak sermatzeko errenta (DSBE) euskal autogobernuaren tresna nagusien artean kokatu duen, eta argia da ere gizarte politika zabal batzuen aldeko ezker abertzalearen jarrera. Izan ere, EAEn ongizatearen txaubinismo hori azaleratu bada, Alderdi Popularraren eta espainiar nazionalismoaren eskutik izan da. Eztabaidagarria bada zein neurritan Euskadiko gizarte politikek etorkinen eskubideak behar bezala babesten dituzten, argi dago euskal alderdi abertzaleak ez datozela bat ongizatearen txaubinismo horrekin eta, euskal abertzaletasunaren esparru soziologikoan horren aldeko jarrerarik izan bada, isilpean izan dela. Zentzu horretan, nazioarte mailan, aparteko kasua da gurea.

Zer gera gu? Nor gera gu? Esan daiteke galdera honi, gizarte politiken arloan, erantzun zabala eman zaiola orain arte Euskadin. Are gehiago, gizarte politikak bihurtu dira eta bihurtu nahi izan dira— bertako politiken marka eta ikurra, lurralde orok marka ezaugarri bat behar duen garai honetan.

Bide horri eusteko, Eusko Ikaskuntzaren Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuria?n esaten den moduan, gizarte inklusioa eta herritar guztien bizi-kalitatea bermatzea izan daiteke mundu globalizatuan ez desagertzeko Euskal Herriak behar duen proiektu komun baten oinarria. Beste herri txiki batzuetan bezala Eskozia, Quebec, Finlandia...—, gizarte-babeseko eredu zabal, eraginkor eta jasangarri bat garatzea herri-eraikuntzarako proiektu moduan uler daiteke Euskal Herrian, barne-kohesio eta antolaketarako tresna moduan, ongizatearen txaubinismoaren tentazioei uko eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.