Olatuak eta galernak

Okupazioa «mehatxu» gisa aurkezten duten informazioak ugaldu egin dira aspaldi honetan, baina datuek erakusten dute ez dagoela horrelako «olaturik», eragile batzuen interesak gorabehera.

Okupazioa.  Agerraldia Enekurin (Erandio, Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Bilbok bi problema ditu: bata okupazioarena da, eta bestea, okupazioaren problemarik ez dagoela diotenena». Carlos Garcia Bilboko PPko zinegotziaren hitzak dira, joan den uztailean esandakoak. Hilabete bat lehenago, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, haren alderdiko hautagai Carlos Iturgaizek «legez kanpoko okupazioen olatua» gelditzeko deia egin zuen: «Asteburu guztietan ditugu iskanbilak; ezin dugu horrela jarraitu». Errealitatea, berriz, tematia da, eta datuek erakusten dute horrelako «olaturik» ez dagoela. Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, 2020ko lehenengo sei hilabeteetan Hego Euskal Herrian 142 salaketa baino ez zituzten jarri okupazio auziengatik, aurreko urteko epe berean baino hamazortzi gutxiago. Etxebizitzari lotutako arazoei dagokienez, askoz larriagoa da, esaterako, kaleratzeen arazoa: 2019an 1.372 izan ziren Hego Euskal Herrian.

 

Hala ere, okupazioak sortutako alarma soziala hizpide duten erreportajeak txitean-pitean agertzen dira zenbait hedabidetan; informazio ugari argitaratu dira okupazio mugimenduarekin zerikusirik ez duten zenbait gertaeraren inguruan —elkarbizitza arazoak edo istiluak, esaterako— betiere «okupen» aterkiaren pean aurkeztuak, eta azken bolada honetan ugaldu egin da segurtasun enpresen publizitatea, «lapurreten eta okupazioen kontrako» neurriak iragartzen dituena.

Hastapena, Portugaleten

Bizkaian, iazko urrian agertu zen okupazioa deabrutzeko olatuaren lehenengo aparra. Portugaleten (Bizkaia), Victoria de Castro 94 urteko emakumea ahizparen etxera joan zen egun batzuetan hura zaintzera, eta, Errepelega auzoko bere etxera itzuli zenean, ikusi zuen pertsona batzuk barruan zeudela eta ez ziotela sartzen uzten —asteon 1.800 euroko isuna jarri diete etxera sartu zirenei. Hura «ekaitz perfektua» izan zen, Portugaleteko ESB Eskubide Sozialen Bulegoko kide Eska Araizek dioenez (Bilbo, 1978): «Osagai guztiak zituen: langile klaseko auzo bat, langabezia, etxebizitza eta delinkuentzia arazo handiak dituena; hor, adineko emakume bat kalean gelditzen da batzuk bere etxean sartu direlako, eta, ondorioz, herritarrak mobilizatu egiten dira».

Pobrezia egoeran dauden herritarrei laguntzen die ESBk, eta, herriko gainerako eragileak bezala, hasieratik Victoria de Castroren alde paratu ziren: «Aldi berean, zenbait erakunde eta hautetsiren jarrera salatu genuen; adibidez, [Mikel Torres] Portugaleteko alkatearena, edo hedabide batzuena, eta argi esan genuen istorio horretako zenbait kontu, mezu arrazistak esaterako, oso arriskutsuak iruditzen zitzaizkigula». Adibidez, astero Portugaleten azoka txikian aritzen diren ijitoen kontra jotzeko deialdiak zabaldu ziren sare sozialetan. «Diskurtso hori, non jabetza pribatuaren erabateko defentsa egiten den, mezu arrazistekin eta legea gogortzeko eskariekin, eskuin muturra erosoen dagoen esparrua da», azaldu du Araizek. «Parisko aldirietan, Alderdi Komunista nagusi zeneko auzo langileak Fronte Nazionalak bereganatu zituen goizetik gauera horrelakoei esker. Gure auzoetan antzeko zerbait gertatzeko arriskuak asko kezkatzen gaitu».

Geroztik, beste istilu batzuk izan dira Bilbon, Santurtzin eta inguruko beste herriren batean. Kasu desberdinak izan dira, baina zenbait ezaugarri komunekin: hedabideetan oihartzun handia, gertatutakoa okupazioarekin lotzeko nahia, eta auzokideen mobilizazioak: «Dena izugarri puztu dute», esan du Araizek, «eta modu artifizialean. Beldurra hedatu nahi izan dute, beldur absurdoa, frogatuta baitago horrek ez duela inolako oinarririk. Etxetik erosketak egitera joan eta bueltan etxea okupatuta aurkitzen duenarena mito hutsa da».

Bilboko Okupazio Bulegoko abokatu Leire Onzainek (Bilbo, 1989) ez du uste hori guztia «kasualitatea» denik: «Atzean daude enpresa jakin batzuen interesak, segurtasun enpresak adibidez, euren produktuak saltzeko jendea beldurtu nahi dutenak; baina baita banku eta higiezinen enpresenak ere, eta zenbait hedabiderenak ere».

Interes horien artean okupazioaren inguruko legedian aldaketak eragiteko asmoa egon daitekeela uste du Onzainek. Abokatuak dioenez, gaur egun bi bide dituzte jabeek eskura okupazio bati aurre egiteko. Horietako bat bide penala da, usurpazio delitu bati dagokiona: «Printzipioz, delitu arin bat da, eta, beraz, prozedura laburtua ezartzen da: ez dago instrukziorik, normalean ez da kautelazko neurririk hartzen, eta nahiko azkarra da. Bista pare bat hilabetera izaten da, eta han ebazten da zer gertatzen den».

Bigarren bidea prozedura zibila da, baina hor badago ñabardura garrantzitsu bat, 2018an legean egindako aldaketak sortua: «Legean jabe txikiak eta bestelakoak desberdintzen dira. Legegileak ulertu zuen ez zela berdina jabea pertsona partikular arrunt bat izatea edo banku bat, higiezinen enpresa bat edo jabetza handiak dituen partikular bat. Partikularren kasuan, prozedura askoz azkarragoa da, bost egunetan ebazten da, eta horregatik express kaleratzea deitzen zaio».

Okupazio mugimenduko kide askoren ustez, kanpaina honen asmoetako bat da legea aldatzea, bankuek, enpresek eta enparauek prozesu azkar hori erabiltzeko aukera izan dezaten: «Horrelako entitateak aurreikusten ari dira krisiaren ondorioz kaleratze asko egongo direla eta; hortaz, batetik, etxe huts asko banku eta funts putreen esku egongo direla eta okupatzeko modukoak izango direla, eta, bestetik, etxebizitza premia ase ezingo duen jende andana ere egongo dela».

Krisiak ekarritakoa

Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea joan den apirilean sortu zen, eta maiatzean hasi zen Zazpikaleetako, San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko etxebizitza arazoari heltzen. Hango kide Ane Salvadorrek berretsi egin du abokatuak esandakoa: «Argi eta garbi, krisiaren ondorioz ugaldu egin dira etxebizitzari lotutako arazoak. Osasun krisiak areagotu egin du larrialdia, baina, guk lan egiten dugun auzoetan, arazo hau ez da berria».

Salvadorrek dioenez, hipotekak, alokairuak eta, oro har, etxebizitza «arlo kaltetuenetako bat» izaten ari da krisi honetan, eta zenbait instituziok bideratu dituzten diru laguntzak ez dira eraginkorrak: «Horiek eskuratu ahal izateko baldintzak oso klasistak eta betetzeko zailak dira. Gugana hurbildu den jende gehiena, guztia ez bada, diru laguntza horietatik kanpo gelditzen da. Laguntza horiek ez dira egoera larrienean daudenentzat, etxejabeentzat baizik, kobratzen jarraitu ahal izan dezaten».

Eragile sozialek uste dute egoeraren larriagotze horrek azaltzen duela zergatik azken bolada honetan ugaltzen ari diren okupazioaren kontrako mezu eta informazioak: «Begien bistakoa da okupazioaren inguruan sortu nahi duten alarma horrek ez duela ez hankarik ez bururik», esan du Araizek. «Datu objektiboek erakusten dute ez dagoela arazo bat okupazioarekin, jendea inoren etxean sartu eta jabeak kalean geratzen ari direneko ipuin hori gezur hutsa dela, eta etxebizitzaren benetako arazoa beste bat dela: alogeren prezioak, hipoteka bat kontratatzeko bete beharreko baldintza gehiegizkoak, espekulazioa eta abar».

«Pertsona baten ohiko bizilekua ez da inoiz okupatzen, guk babesten dugun okupazio mugimenduan behintzat», gehitu du Leire Onzainek. «Ezer baino lehen, printzipioengatik: nekez uler daiteke denok dugun etxebizitzarako eskubidearen alde ari den jendeak eskubide hori beste pertsona bati zapaltzea». Baina ikuspegi praktiko batetik ere, ez gaude halakoen alde: «Norbaitek etxebizitza bat okupatzen duenean, han bizitza proiektu bat garatzeko asmoz egiten du, bizitokia han finkatzeko, eta edozeinek daki horretarako beharrezkoa dela etxebizitza hori hutsik eta abandonatuta egotea».

Gainera, juridikoki ere, etxe huts bat okupatzea edo inoren bizitokira sartzea arras kontu desberdinak dira: «Inoren ohiko bizilekuan sartzea ez da usurpatze bat, egoitza bortxatzea baizik. Delitu larria da, eta espetxe zigorra dakar. Dena zaku berean sartzeak okupazio mugimendua kriminalizatzea besterik ez du bilatzen».

Etxeak husteko enpresak

Aspaldi honetan beste eragile bat agertu da nahas-mahas horretan: okupatutako etxeak husteaz arduratzen diren enpresak —Desokupa da ezagunena—. «Eskuin muturrarekin dituzten harremanez harago, ez dugu ahaztu behar enpresak direla eta dirua atera nahi dutela», esan du Araizek. «Jende horrek ikusi du Euskal Herrian negozioa egiteko aukera izan dezaketela, merkatua dagoela, eta amorratuta daude hona sartzeko».

AZETek ere uste du badagoela okupazioa kriminalizatzeko kanpaina bat, eta, Salvadorrek dioenez, «klase ikuspuntu batetik» aztertu beharreko gertaera da: «Bi helburu argi ditu: bidea prestatzea beste erasoaldi kapitalista baterako, eta langile klaseari tresnak kentzea». Izan ere, Salvadorren aburuz, «etxebizitza ulertzeko bi modu antagoniko» daude: «Negozio gisa hartzea, edo gure bizitza aurrera atera ahal izateko gunetzat jotzen dugunon ikuspegia. Euskal Herrian, etxebizitza gudu zelai nagusietako bat izango da datozen urteetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.