AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Hainbat funtsezko diferentzia aurten

William A. Douglass
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Artikulu hau idazten ari naizela, bi aste falta dira nire herrialdeko presidentetzarako bozetarako. Inkesta guztien arabera, Donald Trump jarduneko presidenteak herritarren botoak eta hautatzaileen batzarra galduko ditu. Ikusita 2016an ustekabean irabazi ziola Hillary Clintoni, Joe Bidenen aldeko batzuk urduri samar daude oraindik. Ez da guztiz baztertzekoa, noski, Trumpek bozak berriz ere irabaztea, eta badago beldurrik Trumpen kanpainak «urriko ezusteko bat» emango ote duen, edo Bidenek pauso oker bat egingo.

Nolanahi den, hainbat funtsezko diferentzia daude 2016ko bozen eta 2020ko hauen artean:

1. Biden gizonezkoa da —arima estatubatuarrean bada misoginiarik oraindik—, eta Trumpek emakumeekin darabilen nagusikeriazko erretorikak emakume ugari uxatu ditu, batik bat aurreko hauteskundeetan babesa eman zioten eta aldirietan bizi diren emakume unibertsitarioak.

2. Trumpek horren baldar kudeatu du koronabirusa, ezen Estatu Batuak lehenak baitira mundu zabaleko kutsatu kopuruen estatistiketan, eta kezka larri horrek adineko batzuen babesa kendu dio Trumpi; sektore demografiko hori giltzarria da, adinekoek botoa emateko joera baitute, eta kontserbadoreak izan ohi dira.

3. Trumpek lau urte daramatza presidente, eta «establishment»-aren —«sakoneko estatuaren» eta komunikabide hegemonikoen— aurka duen diskurtsoa ez da 2016an bezain sinesgarria.

4. Trumpek gutxiengo etniko ugari uxatu ditu migrazioaren kontra hartu duen jarreragatik —musulmanak gutxietsi ditu bereziki, eta hegoaldeko mugan horma bat eraiki, hispanoak baztertzeko— eta uko egiteagatik supremazista zuriak salatzeari.

5. Beltzen botoa ia erabat galdu du Trumpek, ez baitio enpatiarik erakutsi gaur egungo mugimendu sozial indartsu horri, zeinak eskatzen baitu AEBetako Poliziak eta auzitegiek berdintasunez trata ditzatela beltzak.

6. Agerikoa da Trumpek beretzako tresna bihurtu duela William Barren agintepeko Justizia Departamentua, bere aurkako akusazio zibil eta are kriminaletatik defendatzeko.

7. Ordezkarien Ganberak Trumpen aurkako «impeachment» bat aurkeztu zuen, eta hori egitate eztabaidaezina da.

8. Trumpen administrazioko kideak etengabe ordeztu dituzte, eskandaluak zirela-eta askotan, eta presidentearen izaera salatzen duten liburu eta elkarrizketa mordoa agertu dira, gobernukide ohiek eta baita haren familiakoek ere idatzi edo esanak.

9. Oraingo administrazioak jokaldi eztabaidagarriak egin ditu kanpo politikan, pentsamoldez gutxi-asko internazionalistak garenon atsekabegarri: NATO porrokatu du, NBEri eta Osasunaren Mundu Erakundeari egiten genien ekarpena alde bakarrez murriztu du, klimari buruzko Parisko Hitzarmena eta Iranen akordio nuklearra utzi ditu, NAFTA arbitrarioki txikitu du, Israel babestu du palestinarren kontra, eta Txina kolpekatu eta Ipar Korea eta Putinen Errusia besarkatu ditu.

10. Bada beste arazo subjektiboago bat ere: izaera, nabarmen uzten duena bai oraingo gezurti kroniko eta jazarroi egomaniakoa —Trumpen aldeko gutxik defendatzen diote izaera hori— eta bai gizon eskuarki itxuroso bat, zeinak sinesteko moduan adierazten baitie enpatia herrialdeko koronabirus biktimei eta langileei —batez ere langabeei—.

Gero eta argiagoa dirudi: besterik esaten duen arren, Trumpek ez du espero hauteskundeak irabaztea. Hain zuzen, dozenaka milioi boto emanak daude jadanik. Trumpek horien guztien sinesgarritasuna auzitan jartzea du orain estrategia. Esaten du, froga guztiei ez ikusia eginez, postaz bozkatzeak berez dakartzala akatsa eta iruzurra.

Argi eta garbi, asmotan hartua du emaitzei buru egitea estu geratzen diren edozein estatutan, hartara azken emaitza Auzitegi Gorenak ebatziko duen esperantzan, gero eta kontserbadoreagoa baita. Trumpek eta haren gertuko familiak dena dute jokoan. Bera presidente izatea dute babes bakarra auzi eske zibilen eta are akusazio kriminalen aurka.

Beraz, iruditzen zait itsukeria handia izango dugula 2020ko bozen emaitzekin. Uste ona dut gure hauteskundeak sinesgarriak direla, eta hala izango direla aurrerantzean ere. Baliteke kasu bakan batzuetan akatsak izatea, edo iruzur borobila, baina huskeria izango dira panorama orokorrean. Kezka handiagoa dut Trumpek ez ote duen bere burua biktima eta martiri gisa azalduko bere milioika zaleen artean; haietako askok suzko armak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.