Legebiltzarrak ez du kritikatu dieselari zergak igotzeko asmoa

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Diesel ibilgailuen egoera eztabaidagai izan zuen atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak, PPk aurkeztutako mozio baten eskutik. Testu horretan eskatu zitzaion Espainiako Gobernuari atzera egiteko dieselari zergak igotzeko duen asmoan, autogintza enpresentzako «oso kaltegarria» zatekeelako, «bereziki Araban». Popularrak bakarrik geratu ziren, ordea, gainerako alderdiak ados jarri zirelako erdibideko zuzenketa bat onartzeko.

Aurrera atera zen testuan «ardura» eskatu zaie eragile publiko eta pribatu guztiei, industrian eta enpleguan ondorio negatiboak egon daitezen eragozteko. Legebiltzarrak, edonola ere, «kezka»agertu du sektoreko atal batzuek duten «egoera korapilatsua»dela eta.

Ebazpenak ez du kritikatu dieselari zergak igotzea, eta defendatu du diru horren parte handi bat bideratzea airearen kalitatea hobetzeko, garraio jasangarria sustatzeko eta klima aldaketaren aurkako estrategiaren mesederako. Azkenik, «eskumenak dituzten administrazioei» eskatu zaie autogintza sektorearen garapenean laguntzeko, berrikuntza planak sustatu eta erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen merkaturatzea azkartzeko. EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk babestu zuten zuzenketa.

Dieselaren etorkizunari buruzko zalantzak indarra hartu du azken asteotan, bereziki Mercedes-Benzek lantegia hainbat egunez itxi eta aurreikusitako produkzioan jaitsiera txiki bat iragarri zituenetik. Joan den astean, Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez jeltzaleak, dieselaren zergapetzea «argitzeko» exijitu zion Espainiako Gobernuari, kexa tonu argian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.