Neil Jordanen Marlowe filmaren gaurko proiekzioarekin bukatuko dira aurtengo Sail Ofizialeko emanaldiak. Zuzendari irlandarraren lana lehiaz kanpo emango dute, ordea, eta, hortaz, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu diren hamazazpi filmak jada ikusiak dituzte epaimahai ofizialeko kideek. Kong xiu / A Woman izan zen zerrenda horretara batzen azkena; Wang Chao zuzendari txinatarrak atzo arratsaldean erakutsi zuen filma Kursaaleko pantaila handian. Emakume baten bizitzako bi hamarkada erretratatu ditu zinemagileak, 1960ko urteen amaieratik 1980ko hastapenetara arte, eta, hari jarraituz, bere herrialdearen garaiko egoera ere azalarazi du.
Shen Shi Yu antzezleak hartu du bere gain filmaren pisuaren zatirik handiena, protagonistaren rola jokatuta. Kong Xiuren rola egin du; gurasoek gazterik ezkondu zuten, eta ehungintza lantegi batean ordu luzez aritzen da beharrean egunero. Lantokikoa eta garaiko giroak eragindakoa ez ezik, bestelako zamak ere bata bestearen gainean pilatuko zaizkio emakume gazteari, etxeko lanen eta zaintza guztien kargu ere uzten baitute senarrak eta haren familiak. Baina beti egingo du aurrera, baita idazle izateko ametsa lortzeko bidean ere. «Filmean nabarmendu nahi dudan mezua da independentzia ekonomikoak eta intelektualak ematen diotela indarra emakume honi aurrera jarraitzeko», adierazi du zuzendariak, online egindako agerraldi batean.
Lehen senarrarengandik dibortziatu ostean, bigarrenez ezkondu eta tratu txarrak jasango ditu, eta, Wangen esanetan, horren aurrean emakumeak «duintasunari nola eusten dion» ere erakutsi nahi izan du.
Zhang Xiu Zhen idazlearen A Dream nobela autobiografikoaren egokitzapena da filma. Hain zuzen ere, Wangek azaldu duenez, eleberria irakurri zuenean, bere gurasoak eta bere bizitza ekarri zizkion gogora, eta horrek piztu zion pantailara eramateko gogoa. «Idazlearen garaikidea naiz. Berak bere bizitzako bi hamarkada azaltzen ditu liburuan, eta irakurri nuenean iruditu zitzaidan nirearen oso antzekoa zela emozioei eta porrotei dagokienez. Ni ere langile familia batetik nator, eta neure burua islatuta ikusi nuen. Hori izan zen filma egiteko motibazio nagusia».
Iragana irudikatzea
Anyangde guer / The Orphan of Anyang (2001) izan zuen Wangek estreinako lan luzea, eta, ordutik, beste hainbat zuzendu ditu, hala nola Ri ri ye ye / Days and Nights (2004), Jiang cheng xia ri / Luxury Car (2006), Tian guo / The Celestial Kingdom (2012), Huan xiang qu / Fantasia (2014) eta Fu zi qing / River's Edge (2017).
Orain arteko filmetan ez bezala, lan berrian iraganeko garaiak irudikatu ditu, eta «alde ikaragarria» nabaritu duela aitortu du zinemagileak. «Iraganaz hitz egiten duen horrelako film batean, garaia girotzeko agertokiak, estiloa, jantziak... ia guztia aldatu behar duzu, eta horrek zailtasun handiagoak dakartza». Hain zuzen, Iraultza Kulturalaren urteak eta osteko «irekiera» agertu ditu filmean, ikuspegi kritiko batetik begiratuta.
Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Zamaturik ere aurrera egiteaz
Wang Chao zuzendari txinatarraren 'Kong Xiu / A Woman' filmak itxi du Sail Ofizialeko lehia. Emakume baten bizitzako bi hamarkada erretratatuz, haren bilakaera erakusten du lanak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu