Kale antzerkia eta zirkua Arabako Mendialdean

aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Arabako Mendialdean prest dira beste urte batez umoreari eta arte eszenikoei ateak parez pare irekitzeko, Atauri Art jaialdia izango baita ostiraletik igandera bitarte. Zazpigarren aldia du dagoeneko jaialdiak, eta atzo aurkeztu zuten aurtengo egitaraua Arratiandi kultur elkarteak eta Bapatean Zirko taldeak Gasteizko ARTgia sorgune aretoan egindako agerraldian. Egitarau oparoa osatu dute jaialdiaren antolatzaileek aurten ere, eta askotariko ekitaldiak izango dira ikusgai.

Aurten, zazpi ikuskizun, haurrentzako ipuin kontalari bat eta kontzertu bat izango dira orotara. Sarini Zirko taldearen Txoria txori ikuskizunak irekiko du jaialdia, ostiralean. Larunbatean, berriz, haurrentzako tailerrak izango dira, Iñaki Carretero ipuin kontalariarekin batera. Arratsaldean, El Mono Habitado taldeak Benditas antzerki laburra eskainiko du, eta, gero, Zirkulanduz taldeak, Beldurrik ez ikuskizuna. Jaio Kantaktrizen kontzertua izango da iluntzean. Igandean, bestalde, Aimar y Cia antzerki eta zirku konpainiak Etxea ikuskizuna eskainiko du eguerdian. Ekitaldi guztiak Atauriko frontoian izango dira.

Urtez urte handitzen

Urtetik urtera handitzen eta sendotzen ari den jaialdia da Atauri Art. 2012an antolatu zuten jaialdia aurrenekoz, eskualdeko kultur eskaintza osatzeko asmotan. Jaialdia antolatzea «erronka handia» dela azpimarratu du Ruth Ibisate antolakuntza taldeko kideak. Izan ere, 20 biztanleko herri txiki bat baino ez da Atauri, eta, beraz, bereziki eskertzen dute jendea ikuskizunak ikustera biltzea. «Badakigu Atauri Art posible dela urtez urte ikusleek egiten duten ekarpenari esker. Behin eta berriz errepikatzen dugu, baina ikuskizunak ikustera biltzen den ikusle orori esker egiten dugu jaialdi hau», nabarmendu zuen Ibisatek.

Aitortu zuen, halere, urtero-urtero urduritasun berbera izaten dutela, «nahiz eta jakin jaialdia ongi aterako dela eta boluntariorik faltako ez dela». Gainera, erantsi zuen: «hilabete asko ematen ditugu lanean, eta, jaialdia amaitzean, kontuak egin eta balorazioa egiteko ordua da. Lan handia da, baina oso argi daukagu merezi duela, jende askok Atauri mapan kokatzen duelako jaialdiari esker».

Hori horrela, iaz beste urrats bat egin zuten, eta iraileko, urriko zein azaroko hainbat egunetara zabaldu zuten jaialdiaren egitaraua. Orduko emaitza onak ikusita, aurten ere gauza bera egingo dute. Hala, hilaren 16an, Aukerak ikuskizuna izango da ikusgai Korresen (Araba); urriaren 6an, Ac-nun antzerkia Maeztun (Araba) eta, azaroaren 24an, Harriek kontatu didate helduentzako narrazio ikuskizuna Ataurin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.