begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinema aretoek sortutako hiri berriak

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Askotan etsipenak hartzen du jende franko. Zinema aretoak desagertzen ari diren sentsazioa, beldurra, pena eta tristura oso dira zabalduak zeluloideak bahituak direnen artean. Batik bat, ezkorren eta ukakorren artean.

Ezkorrak, informazio primerakoa duten baikorrak baino ez direla onartzen duen filosofia maltzur askoa oso hedatua da ziniko eta azeri samar jokatzen dutenen artean.

Egiari zor, zera ematen du maiz, maizegi: tristezian eta ezkortasunean aterpe aurkitzea oso erosoa da. Gure egun hauetako zeitgeist delako horri ederki dagokion malenkonia erabatekoan murgiltzeak ba omen du onura makina bat amaierarik gabeko kontsolamendu ezean bizi nahi dutenentzat. Badirudi bizitza honetako momentu anitzetan, batzuk ea nork daturik txarrena aurkitzen duen dabiltzala, ehiza desesperatuan.

Esaterako. Etsenplu. Adibidez, esan, esan egiten dute, eta, idatzi, idatzi egiten dute zinema aretoak desagertzen ari direla, saloiak ari direla ixten. Omen. Bide.

Ezkor (alegrantzia ilun batek harturik, nire irudiko) jokatzen dute esaera-tranpa hori itsumustuan onartzen duten Apokalipsiaren aldekoek. Gustuko, gustuko oso dute bular-kolpeak ematea eta aieneka hastea, poltsikoko aparagailuetan eraman dezakegun pantailak mundu akabera ekarriko duela aldarrikatuz. Nire aburuz, komodoago sentitzen dira gezur tristeetan errealitate alaietan baino.

Ez fidatu ba, batere erromantikoa, batere literarioa, batere zinematografikoa ez den malenkoniak itotako horiekin. Gezurti samarrak dira eta.

Ezin ukatu, badira zinemarik gabe geratu diren herriak eta auzoak. Kapitalismoari, merkatu ekonomia basari, etxegintza-promotore aseezinei edo pandemiak sorturiko izuari errua botatzea errazena da. Aparkatzeko zailtasunak aitzakia, hiri, herri barruan ziren aretoetara guk geuk noiz utzi genion joateari erreparatu barik.

Alta, horretaz gain, bada beste errealitate bat eta bere usain gozoa, bere zapore atsegina Berlinen eta Berlinalen dastatu genuen. Ase geratu arte.

Badira espazio berriak sorrarazten dituzten zinema/ikuskizun-guneak. Badira oraintxe arte existitzen ez ziren hiri barruti hainbati, egun, izana eman dioten saloiak. Badira hondakinak baino ez ziren eremuetan piztutako pantaila liluragarriak, biharko teknologiaz horniturik.

Badira ere, gerrak, bonbardaketak, goseteak, etsipen oro nozitu/jasan/aguantatu eta gero, zutik dirauten joandako garaietako arkitektura moderno eta ausarta baten isla diren eraikuntza ederrak, zinema aro guztien testigantza ematen dutenak.Non? Ba bizitzak, negozioek, trafikoak, kaleko artistek hartutako kaleetan.

XXI. mendea hasi orduko eraiki zuten Berlinen barruti berri bat. Friedrichshain-Kreuzberg du izena, eta ez da Alexanderplazetik oso urrun. 300 lineako autobusean erraz asko iritsiko zara hara, istorio anitzez gainezka egiten duen Filmtheater am Friedrichsain (1925ean eraikia) hurbilean dela.

Ba, hiru mugarri esanguratsu ditu barruti gazteak. Alde batetik, Spree ibaia. Bere ertzetan, bizitza: ibaiontziak, tabernak, terrazak eta aspaldian eraikitako etxeetako leihoen bestaldean, argiak. Bestetik, artistek hartutako harresiaren blokeak. Desaktibatu zen duela hamarkada zenbaitsu hesi hari zerion malura, eta egun harrizko mihise giza erabilia da... Mercedes-platzen aurrean.

Plaza hori da, hain zuzen ere, Die Gruenen alderdikoa den Monika Herrmann alkate duen barrutiaren hirugarren ikurra. Alemaniako autogintzan mitoa den Mercedes-Benz konpainiaren sostenguaz eraikia, ikuskizun kasik guztietarako eremua da. Bada bertan kirolentzako estadioa. Bada zinema zein dantza zein antzerkirako areto erraldoia. Lau pisukoa. Badira tabernak, badira gaur egungo aisialdirako nahitaezkoa den ia dena. Aurten, estreinakoz, Berlinaleko egoitza izan da.

Zinema aretoak oraindik existitzen dira, bai. Beste frogarik nahi? Mercedes platz horretatik urrun samar den Titania Palast, joan den mendeko arkitektura monumentoa. Fritz Langek Metropolis fimatu zuenean zutik zen jada, eta pelikula hori datorkizu burura bere aurrean zaudela. Zinemaren Historiaren testigu eta agertokia izan da. Bertan proiektatu zen mintzaturiko lehen pelikula. Bertan koloretan egindako lehena. Apainduria urrikoak ditu aurreko eta aldeetako fatxadak, baina ikaragarriak omen ziren bere neonezko argiak, auzo osoa argitan, kasik sutan, jartzen zutenak. Bonbardatu zuten aliatuek. Baina 1960ko hamarkadan berpiztu zen errautsetatik. Aurten, Berlinaleko egoitza aukeratu zuten.

Ikusten? Aretoak badira. Eta hirietako nahiz herrietako izana sortu/bermatu egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.