KRITIKA. Dantza

Gizonak puntetan

Agus Perez.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

'Dancing with Frogs'

Zuzendaritza artistikoa: Sol Pico. Koreografia-laguntzailea: Carlos Fernandez. Marta Galan. Musika: Pere Jou eta Antoni Comas. Nico Nubiola. Dantzariak: Antoni Comas, Elias Torrecillas, Guillermo Weickert, Junyi Sun, Pere Jou, Rober Gomez, Valenti Rocamora. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Azaroak 22.

Ipuin klasiko batek dioenez, printzesak apo bati musu emanda printze bihurtuko zen batrazioa, emakumeek gizonen itsustasunari erreparatzen ez dioten mitoari jarraituz. Gai hori berori hartu du Sol Pico Valentziako (Herrialde Katalanak) dantzari eta koreografoak bere azken sorkuntzarako, eta Dancing with Frogs deitu dio (Igelekin dantzatzen). Beti bezala, maisuki elkartu ditu diziplina artistiko batzuk, eta, kasu honetan, zazpi gizon dantzariri eman die protagonismoa, maskulinitatearen ereduak haien bidez eta emakume-ikuspegitik aztertzeko.

Gitarra elektriko futurista batek, harpa elektriko batek, akordeoi batek eta garai bateko bizargin-aulki metaliko batek bete dituzte agertokiko lau bazterrak, eta horrek aurreratu digu ikuskizunaren izaera. Zazpi gizonak oso dotore jantzita baina prakarik gabe agertu direnean jakin dugu han ez zela gupida merkerik egongo —eta bihotzez eskertu, bide batez esanda—, baina den-denak ballet-zapatilekin ikustea izan da markarik onena, puntetan dantzatzea izan delako ballet klasikoaren genero-banaketaren adierazpiderik behinena.

Puntetan dantzatu dute, beraz, gizonek. Eta prakarik gabe. Baina hasieratik bertatik ikusi dugu dantza hutsa bainoago, ikuskizun plastiko erabatekoa dastatuko genuela, argien, jantzien bilakaeraren, goi mailako dantzaren eta testu esanguratsuen laguntzaz. Une jakin batean, objektu faliko handi bat agertu da goitik eskegita, eta gizonek haren inguruko dantza egin dute, anaitasun betean. Hortik aurrera, gizonkeriaren adierazpide guztiak agertu zaizkigu, errugbi jokalarien jarrerak izan edo Aste Santuko penitenteen diskurtso mentala izan, entrenamendu militarretako umiliazio ariketak izan edo homosexualen kontrako lelo gorrotagarriak izan.

Segida horien artean une bikaina izan da J. S. Bachen Toccata eta Fuga Pere Jou eta Antoni Comasen interpretazioan entzutea, teklatu eramangarri banatan eta esaldi bakoitza norgehiagoka interpretatua, dema batean baleude bezala. Gero etorri da gizon motak zozketatzea ferietako salerosle baten erretolikarekin, eta dantzariek arrautza bana irabiatzea kanpaia jotzearen plantak eginez. Picok, bitartean, mundu haren kontrastean eta haren parte izan nahian kokatu du bere burua, zintzotasun osoz, eta dantzari guztien gaitasun akrobatiko eta atletikoa izan da osotasunaren ezinbesteko osagaia.

Amaitzeko, bereziki gogoratuko dugu Sol Pico harpa elektrikoaren eta haren jotzailearen artean kokatu deneko pasartea, eta baita ere azken apoteosiaren erdian bizarginaren aulkian Marca aldizkaria irakurtzen zuen abeslari-dantzari bikainaren irudia, baina nik batik bat eskertzen diot zazpi bekatu kardinaletan democràcia-rena txertatu izana. Esango dute gero dantzarekin ezin dela funtsezko gauzarik esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.